argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Hauteskundeak
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2019ko azaroaren 14a

Ondo gogoratzen du noiz izan zen lehen ziztada: 2019ko apirilaren 28an. Espainiako hauteskundeekin kointziditu baitzuen. Modurik txepelenean gertatu zen: beti bozkatzen duen –tradizioz, konformismoz, are abulia puntu batez– alderdiaren boto papera hartu eta Kongresurako kutxan sartu zuen unean –ez du inoiz Senaturako botoa eman, ez du ulertzen instituzio hori, iruditzen zaio alferrikakoa dela– sentitu zuen, bizi, gibelaldean.

Medikuak esan zion normala zela, ez kezkatzeko, transplantea oraindik nahiko berria izanik, gauza arrunta izan ohi dela halako molestiak sentitzea. Berak nahiko ondo eraman zuen prozesu guztia. Gaixotasuna zeukala ezagutzea, tratamendua, ebakuntza aurreko, bitarteko, ondorengoak. Ez zuen inongo momentutan organo emailea nor zen jakin nahi izan, adibidez, ez zen saiatu ere egin. Eta ez hainbeste debekatuta dagoelako, beldurra ematen ziolako baizik, imajinatu, bera ez da arrazista, baina beltz batena izan balitz.

Mina tarteka baino ez zuen nabaritzen, ez konstanteki. Lehenengo alditik hilabete batera sentitu zuen bigarren aldiz, 2019ko maiatzaren 26an, hain justu bi aldiz: lehena indartsu, aurreko aldi hartan bezala, bigarrena agian suabexeago, boto papera udalerako kutxan sartu zuen unean. Beti bozkatzen du alderdi bera, baina orduko hartan, nobedadea, alkatetzarako independente bat aurkeztu zuten.

Joan den igandeko hauteskundeetan, estreinako aldiz, ohitura hautsiz, beste alderdi bat bozkatu du. Nazkatuta dago hauteskundeak behin eta berriro errepikatu behar izateaz; gauzak soluzionatuko dituen jendea nahi du, bera lasai ederrean egon dadin, lagunekin tabernan, edo bihotzeko futbol taldea ikusiz. Inoizko min txikiena eman dio gibelak, auskalo medikuak agindu dion medikamendu aldaketagatik. Estreinako aldiz, halaber, sentitu du emailea nor zen ezagutzeko nahia, jakiteko, behintzat, zer alderdi bozkatzen zuen.