argia.eus
INPRIMATU
“Ez naiz inoiz izango naizen bezalakoa”
Amaia Alvarez Uria 2019ko azaroaren 12a
"Moio. Gordetzea ezinezkoa zen"
Kattalin Miner  | Elkar, 2019

Lerroburruko hitz horiek irakur ditzakegu Moioren agur-gutunean. Kattalin Minerrek bere lagunari buruzko lana ondu du: agur esateko, auzi politikoa dela aldarrikatzeko, transfobiari eta suizidioari buruz argi hitz egiteko, eta gertatutakoa jasota geratzeko.

Dolua, agurra. Ikuspegi desberdinetatik kontatuko digute elkarrizketa, narrazio, kronika, argazki, gutun eta oroitzapenen bidez Moio trans hernaniarraren bizitza eta heriotza. Kattalin, Ainara, Ane, Uso, Ander, Ana, Josebe, Maialen, Iratxe, eta Brayanen ahotsak bilduz osatuko da Moioren irudia.

Ikusgarri, publiko egin. Genero ariketak liburuko hitzaurrean (2013) Ikusezina ikusten ikasten bideoari esker “gorputz kodeek eragindako zaurien tamainaz ohartu zirela” diote. Baina minaz gain aldarri politikoa ere bazegoen: gorputzaren “normak” eta gorputz “normal”-en inguruko diskurtsoak iraultzeko deia.

Transfobia. Miquel Misséren Transexualitateak (2013) liburuan ordea, transfobiaren definizioa aurki daiteke: batetik denok sentitzen dugun presioa da gizonek gizon eta emakumeek emakume joka dezaten, bestetik pertsona transen kontrako diskriminazioa da (cisek, beste transek, eta norberak eragindakoa).

Historia, genealogia. Memoria kolektiboa ezinbestekoa da Misséren ustez, norberak bere nortasuna eraiki ahal izateko, gutxiengo sozialen kasuan diskriminazioa eta biolentzia gainditzen, komunitatea sortzen eta sendotzen, eta memoria eta erreferenteak izaten laguntzen duelako. Kontzientzia piztu eta ahanztura saihestu behar ditugula dio.

Artxiboa, dokumentazioa. Ann Cvetkovichek Sentimenduen artxibo bat liburuan (2003) proposatzen du homofobiari sozialki eman zaizkion erantzunek ez dutenez asebetetzen, aktibismoa eta dolua uztartzea eta gai horren inguruan publiko bihurtu diren gertaera pribatuak dokumentatzea; ez daitezen galdu, ez ditzaten txarto irudikatu eta marko erreferentzial bihurtzeko. Izan ere, esperientzia emozionalak kultura berrientzako oinarria izan daitezke, eta sentimenduen artxiboarekin bizitza afektiboa politiko bihurtuko da. Hori da Minerrek egindakoa.

Gauzak asko aldatu dira azkenaldian transexualitatearen inguruan, baina, liburuan dioten moduan, oraindik badago zer egin gaia urrun eta arrotz sentitzen dutenen artean (senideak, lankideak, lagunak…). Liburu hau mugarri da bide horretan.