Oso gutxitan aurki dezakegu dantza garaikideko ikuskizun original bat. Ematen du garaikidea izateagatik zerbait berria izan behar dela, baina etiketa horren atzetik askotan hala moduzko espektakuluak eskaintzen dira, Maurice Béjarten edo Russell Maliphanten estiloa jarraituz (modu traketsean askotan). Horrexegatik, zerbait benetan fresko eta iradokitzaile baten aurrean gaudenean wow bat ateratzen zaigu.
Zur eta lur utzi gintuen Hofesh Shechter koreografo israeldarraren azken lanak. Grand finale koreografian, egilearen hitzetan, komikotasuna, edertasuna eta bere buruarekin desadostasunean dagoen munduaren isla nahasten dira. Ez nago oso ados deskribapen horrekin. Deserosotasuna, goibeltasuna, kaosa, eta momentu batzuetan kaos horretatik atera daitezkeen argi izpi batzuk sentitu ditzakegu, baina komikotasunik ez, barregarritasunik ez, arrastorik ez.
Dantza eta musika zirraragarri baten bidez –koreografoarena da musika ere–, munduaren anabasari buruz, gure zibilizazioaren kolapsoari, lur-jotzeari eta, beharbada, berreraikitzeari buruz hitz egiten du Grand Finale espektakuluak, Shechterren koordenatu estetikoak jarraituz. Oso estilo berezi eta berezkoa du Shechterrek: giro estugarria, argi bizia, soinu estridentea, dantza histerikoa baina milimetrikoki neurtua, perfektua, hauexek dira bere ezaugarriak. Une batzuetan dantza librea ematen du baina segituan urtu egiten dira dantzari guztiak koreografia guztiz konplikatu eta doi-doia egiteko.
Bestalde, berrikuntza interesgarriak dauzka proiektu honek. Dantzariak nahastu egiten dira musikariekin –bost musikarik jotzen dute zuzenean–, haien artean elkarri eraginez, eta, honez gain, ikuskizuna aberastu egiten da taldearen lan korala eginez, dueto eta hirukoteen bidez.
Horri guztiari gehitzen badiogu musikariek atsedenaldian egindako numerotxo komikoa, ba, esan behar da oso saio atsegina izan zela. Ez bakarrik atsegina, bikaina esango nuke. Shechterren artea hipnotikoa da, harrapatzen zaitu hasieratik bukaeraraino eta, dantza bukatu ondoren, pentsatzen uzten zaitu. Gutxitan gertatzen zaigu hori.