argia.eus
INPRIMATU
Gutunen patua
Amaia Serrano Mariezkurrena 2019ko azaroaren 05a
Hiru gutun Iruñetik | Patxi Zubizarreta
Pamiela, 2012

1936ko gerraz aritzeko era asko dago. Horietako bat, hartan gertatua kontatu gabe, gerraurreaz eta gerraosteaz jardutea da. Hor kokatzen da, hain zuzen, Patxi Zubizarretaren liburua.

Irakurlea hasieratik harrapatu nahiz, kontraesana dirudien baieztapena dakar, gerra eta holokaustoari buruzko nobelak ezin jasan omen dituen Alberto Olmos idazlearena. Lehen paratestu horren irakurketak Zubizarretaren asmoaz ere badiosku: nobela hau aurreiritzi hori hausteko ahalegina da; eta era berean, kultur industriak bultzatu joeran salbuespenak badirela erakustekoa. Handinahikeria dirudi, baina nobela irakurri ostean ulertzen da aipuaren eta liburuaren arrazoia, ez baita gerraz diharduen nobela, laguntasunaren inguruko gogoetatzat har daitekeena baizik. Oraingoan idazlea ez da maitasun istorio batean oinarritu erlazioaren nolakotasunak gerrarekin lotzeko, baina minak, traizioak eta damuak oso presente daude.

Euskal nobelagintzan gerra irudikatzeko erabili diren estrategiekin alderatuz, obra honetan bestelako proposamen bat dugula esango nuke, bereziki egiturari eta formari dagokionez. Hiru ataletan partitua, bakoitzak erregistro, molde eta forma banari erantzuten die.

Lehenengo atala Gabrielen eta Rafaelen arteko gutun truke bat dugu, eta hor ikusten da haien erlazioaren sendotasuna; gerra hastear dela, ordea, hitanotik zutanora egingo du bikoteak, eta are euskaratik gaztelaniara Gabrielek, ideologia ezberdinen aurrekari gisa.

Bigarren atala astunxeago egin zait, beharbada datu historiografikoek lehen kapituluko ahozko erregistro biziarekiko kontrastea egiten dutelako. Bertan aurkitzen dira, ordea, pertsonaia nagusien arteko harremanaren gorabeherak ulertzeko zantzuak, eta bigarren mailako pertsonaiek ere giroa aberasten dute; esaterako, maisu izan nahi zuen eskolta soldaduak eta Luziak. Hala ere, oso maskulinotzat irudikatu ohi den munduaren kontaketa honetan ere ez da emakumezkoen ahotsik, eta hori izan dut pena: Luziaren bizipen, pentsamendu eta sentipenak narraziora ez ekartzea, pertsonaiaren erabakiek haren egoeraren konplexutasuna erakusten duten arren.

Azkenik, hirugarren atalean, bigarren pertsonan ari den narratzaileak Rafaelengan fokalizatzen du, haren azken egunak kontatzeko. Hala, tentsioa in crescendo doa, amaieraraino.