argia.eus
INPRIMATU
Estrategia
Joxerra Aizpurua Sarasola 2019ko azaroaren 05a

Euskal Herrian dauden administrazio publiko guztiek, eta nabariki Eusko Jaurlaritzak, euren estrategia industrialean digitalizazioa erabiltzen dute ardatz gisa. Honen oinarrian dagoen ikerketa ere digitalizazio ahalik eta aurreratuena egitera zuzenduta dago.

Euskalgintzak eta kulturgintzak ere begiz jota dute digitalizazioa eta historikoki egiten den ikerketa helburu hori betetzera dator. Helburuak antzekoak izan arren, manufaktura-industria kudeatzeko Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak edo antzeko izenburua duten sailak erabiltzen dira, eta hizkuntza eta kultura kudeatzeko, berriz, Kultura eta Hizkuntza Politika edo antzeko izena duten sailak.

Esan gabe doa bi sail moten aurrekontuek ez dutela inongo zerikusirik, nahiz eta betidanik aldarrikatu manufaktura-industria eta hizkuntza eta kultura Basque Country markaren elementu bereizezinak izan beharko luketela eta ondorioz batzuen eta besteen estrategiak gurutzatu egin beharko liratekeela.

Azkenaldian euskararen alorreko ikerkuntzan jauzi esponentziala gertatu da, batetik, euskararen eta gaztelaniaren arteko itzultzaile automatikoari esker, eta bestetik, euskararen transkribapen tekniken hobekuntzari esker.

Azkenaldian euskararen alorreko ikerkuntzan jauzi esponentziala gertatu da, batetik, euskararen eta gaztelaniaren arteko itzultzaile automatikoari esker, eta bestetik, euskararen transkribapen tekniken hobekuntzari esker

Euskara-gaztelania itzultzailea ingelesera, frantsesera eta gainerako hizkuntzetara hedatzea lortuko bagenu, hau da, euskaraz esandakoa beste hizkuntzetan entzutea eta alderantzizkoa lortuko bagenu, gure manufaktura-industriak euskaraz lan egin ahal izango luke, eta beste tokitara esportatzekotan, robotek itzuliko lukete itzuli beharrekoa, dena delako hizkuntzara.

Euskaraldia-ren 2020ko ekinbideetako bat elkarteak euskarara hurbiltzen saiatzea izango omen da. Gure industrian euskaraz hitz egiteko edo ulertzeko gai direnak gero eta gehiago direnez, borondatezko politikei politika errealak gehitu beharko dizkiegu; eta arestian euskararen kasuan aipatu berri ditugun jauziak, manufaktura-industriak dituen baliabideekin eta estatusarekin tratatzeko aukera ezin hobea dugu.

Izan ere, ez dugu ahaztu behar gainerako hizkuntzak interkomunikazio lanetan aurreratuta dabiltzala, eta tren hori galduz gero, urte gutxi barru, euskaraz bizi nahi dugunok orain baino zokorago bizi beharko dugula.

Adibidez. Demagun, telefonoz hots egiten digutela eta gaztelaniaz egiten digutela. Teknologiak gaztelaniaz esan diguten hori euskaraz entzutea ahalbidetuko baligu, euskaraz bizitzetik hurbilago izango ginateke, ezta? Bide horretatik abiatzeko, manufaktura-industriak adina baliabide eman behar zaizkio.