argia.eus
INPRIMATU
Barruko orroa askatu
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2019ko azaroaren 05
Erraietatik | SHARON STONER | Autoekoizpena, 2019

Oñatiko hirukotea 2004an deskubritu nuen Danbaka Debagoieneko musika lehiaketaren lehen edizioan izena eman zutenean. Betirako gelditu den erdi txantxazko izenpean Kaliforniako desertuko stonerra Euskal Herrira ekarri, Araotzeko haizebihurriarekin iragazi eta bere ukitu propioa emanez aitzindariak izan ziren. Zarketaren gitarra riff irudimentsu eta korapilatsuek, Egoitzen bateria taupada sarkor eta marrazkilariek, eta Iñigoren baxua jotzeko era pendulo-biderkatzaile zein ahots melodia gorenek txundituta utzi zituzten lehiaketako epaimahaia eta, jakina, ikusleak. Lehen saria eskuratu eta estreinako diskoa kaleratu zuten.

Kanta horiek 3.000 bira eman zituzten agertokietan eta askoren musika aparatuetan, energia, intentsitatea eta melodia barra-barra baitute. Gerora kaleratuko zuten 13 taupada, osatuagoa, borobilagoa eta bihotzetik eginaz gain, buruarekin planifikatutako lan bikaina. Horri jarraituko zion Puntu bakar batean elkartzen diren ertzak diskoak: lan horrek irudikatzen du garaian taldekideek zituzten musika gustu zabalak eta anitzak; horregatik, aurreiritziak alboratuta, bestelako tempoak eta giroak ere hartu zituen bere baitan.

Orain, atseden luze baten ostean, bueltan datoz eguneroko itogarriari denbora lapurtuz, horixe behar dutelako, erraietatik, musika egin eta plazaratu. Loto-lorea-k argi uzten du ahotsak tonu altuagoa hartuko duela. Stoner zama badu ere, melodikoagoa da, pausatuagoa eta erdi tempoekin misteriotsua bilakatzen da. Sateliteak stonerragoa eta espazialagoa da, erdi tempoekin jokatuz. Otso-k oinarri irmoa dauka, baina dantza egiten du erritmo latino, flamenko eta progresiboarekin. Inozoen salbamena rockeroena da eta QOTSA dauka zainetan. Zirkuluan oso melodikoa bada ere, instrumental progresiboan amiltzen da. Maskara hondeatzaile lokaztua da, zikina eta bortitza. Gela iluna heavya eta euskal kantagintza ezkontzeko gai. Sorgindu kanta in crescendo hazten doan pieza melodikoa. Eta, azkenik, Agurra 60ko hamarkadako kutsu handia duen pieza poperoa.

Bueltan da Sharon Stoner, helduago, anitzago eta jakintsuago!