Eta pintore bukatu. Pintura da John Bergerrentzat (Londres, 1926-Paris, 2017) poesiaren konplikazio bat. Agian hortik datozkio zuria zuriaren gainean marrazten duten poemak, kristala eta izotza gainjartzen dituztenak. Beñat Sarasolak Munduko Poesia Kaieren hogeita hamabigarrena den honen hitzaurrean ederto dio munduari begiratzeko modu berezi bat eskeini digula idazle honek, pintore honek. Ways of Seeing-en egileak marraztu, kontakizunak kontatu zein artearen kritika egiten baititu unibertsoaren puntu urrun batetik, zeina den guztia ikusten den leku hori, dena ulertu dezakegun unea: “Laukizuzen batekin hasten da/ mahai batekin demagun/ gainean aizkorak/ eta glaziarrak/ eta zezen zuri baten kaskezurra/ elurretan galdua”. Berak esana da poetak hizkuntza paratzen duela denboratik kanpo edo, “zehazkiago, poeta hizkuntzara hurreratzen da leku bat balitz legez, elkargune bat, non denborak ez baitu xederik, non denbora bera geratzen den janda eta dominaturik”.
Abstrakzio jori batekoak, pieza guztiak iradokitzaileak dira koloreengatik eta ñabardurengatik, ez hainbeste esanahi literalagatik. Berba apur batzuen bitartez asko diote, labur-labur esanda uzten dute dena esanda: “Belauniko/ lapikoari orekan eusteko/ sukaldea ama/ zapia burua/ gogoan zaituztet/ eta gogora deitzen// Zure etxe osteko mitxoletak/ barreiaturik daude nire hodeietan”.
Behatzaile aparta eta detaileetan errebelazio gorenenak aurkitu zalea, antologia honetan galdu zaitezke sinpletasunaren puruz. Maiz poesiak ez du apaingarri astunik behar, ezpada askatasun apur bat, eta forma libre uztea. Horrela lortzen du Bergerrek arintasun sano pertsonal bat, kontakizunarena edo are zirriborroarena. Poetarentzat ez daukate garrantzia handirik fikzio, saiakera, antzerki, narratiba eta halako etiketek, kategoria horien gainetik idazten du-eta, istorioak harilkatuz, sentsazioak kordatuz: “Orga zuri huts bat/ zaldi urdin batek tiratua/ tranbia baten atzetik// elurra betetzen ari da orga”. Esperientziatik abiaturik emozio unibertsaletara egiten jakin zuen idazlea, John Berger itsasoa bezain sakona da, bideko putzu azal-azal bat dirudiena.