argia.eus
INPRIMATU
Neurri zuzena
Amancay GaztaƱaga @lagatadepandora 2019ko urriaren 29a

Urduritasunez hurbiltzen naiz, lehen aldiz, zuengana. Argiarentzat iritzi artikuluak idatziko al nituen galdetu zidatenean, bi aldiz pentsatu behar izan nuen. Bat: nork bere iritzia publikoki ematea, gaur egun garesti irten daitekeen zerbait delako. Bi: Argia beti izan dudalako euskal erudituen bizileku, kulturaren zer eta nolak kontrolatzen dituzten horien parada. Hau honela, zer kontatu nezake nik? Bere burua txikitzat duen emakume honek? Zerbait berritzailea, apurtzailea beharko du izan, artikulu hau irakurriko duten euskal eruditu horien mailan egongo bada.

Kontatuko dizuet ba, ni, sormen mundutik natorrela, antzerkizalea naizela, aktorea, zuzendaria eta dramaturgo lanak ere egiten ditudala. Eta hau, aho txikiz kontatzen dizuet, ni neu naizen eta egin dudan guzti horren jabe izango ez banintz bezala.

Harri egiten zait herria. Gogorra, maskulinoa irudikatzen dut zuen txokoa ene eruditu maiteak. Emakumeren bat egongo da noski. Beti gaude bat edo beste, ia beti, gizonezko dugun lagun min baten eskutik iritsiak gure postuetara

Nire burua definitzeko pudore horrek, hasieran esan dudanarekin du lotura, emakume txiki horren irudiarekin. Ez nuke zuek pentsatzerik nahi, ez naizenik indartsu sentitzen. Kontrakoa. Batzuetan ia ziurtasunez pentsa nezake, superbotereak ditudana. Bestela nola biziraun hemen, kulturaren jabe diren erudituen artean, gizon-munduan? Nola sortu diskurtso propio bat, beraien normak eta egiteko erak jarraitu behar ditudanean? Zer kontatu nezake nik, nola, nondik, publikoari ematen zaionaren jabe badira. Sistema beraiena bada, beraien erara sortua. Erreferente femeninorik gabe eraikitako munduan, gu.

Harri egiten zait herria. Gogorra, maskulinoa irudikatzen dut zuen txokoa ene eruditu maiteak. Emakumeren bat egongo da noski. Beti gaude bat edo beste, ia beti, gizonezko dugun lagun min baten eskutik iritsiak gure postuetara. Beharrezkoa den portzentajea txiki hori gara, dena bare mantentzeko eraikia, kexatu ez gaitezen, dena aldatzen doanaren parodia.

Harri herria. Harri, gizon-munduak duen sormena ikusteko era, egiteko era. Zauriz beteta ikusten ditut sexu berdineko lankideak. Neurri horietan kabitu ahal izateko zer ebaki behar izan duten jakin gabe. Beraien mundua mozten, mozten, mozten… Neurri zuzena izan arte.

“Denbora luzez gizonezkoei egokitutako postu batean egotea ez da erraza izango, atrebitu egin behar ezta?”. Hori galdetu zidaten behin elkarrizketa batean, nire zuzendari paperaren inguruan hizketan genbiltzala. Gizon-munduan kabitu izanagatik harro sentitu nintzen. Artean jabetu gabe nintzen zauriaz, nire esentziari ebaki behar izan diodan horretaz. Joana da, ez da berriz nire parte izango. Eta min egiten dit. Zauriak min.

Baina...

Kabitu naiz. Neurri zuzena dut orain.