Halaxe kantatzen zuen Siniestro Totalek 1988tik. Humanitate eta planetaren suntsipenari usaina hartu genion aspaldi, harik eta usain hura hats sarkor bihurtu den arte.
“Gu” izenordea erabili dut, horretaz arituko bainaiz: “Gu” esaten duten bakoitzean zelan esan nahi duten “zuok, herritarrok”; zergatik, errepikatuaren errepikatuaz, hondamendiaren erantzule bakar bihurtu gaituzten.
“Ikus ezazue zer egiten ari zareten munduarekin plastikozko poltsak erabiltzeagatik”, “ordaindu beharko duzue”, gure bizitza eta osasunarekin nahikoa ez balitz, bosna zentimotan ere bai. Eta halaxe azaldu digute albistegian: plastikozko poltsen erabilera azken hamarkadan itzel murriztu bada ere, azken urtean kobratzen hasiak direlako ei da arrazoia. Marujok, gure arduragabekeriaz munduarekin amaitzen egoteaz gain, eskulaburrak ere omen gara. Plastikoaren ekoizpena gelditzeaz, halere, txintik ere ez. Eta bai, zekenak izan beharko, laster okela ere luxuzko artikulu bihurtuko ei digute eta.
Bien bitartean, munduko 100 enpresa dira CO2ren %71ren errudunak (The Carbons Mayor Database txostena); Espainiako Estatuan, hurrenez hurren, Endesa, Repsol-Petronor, Naturgy eta EDP dira lau kutsagarrienak, politikari ohien urrezko erretiroa izateaz gain. Eta hemen Eusko Jaurlaritzak ez dauka lausengu nahikorik Josu Jon Imazen Petronorrentzat; gurutzaontziren bat Bilboratzen denero bezala, halako itsasontziek urtean Europako auto guzti-guztiek baino hamar bider sufre dioxido gehiago bota arren (Transport & Environment-en datuak). Baina arazoa zurea da, kotxe elektriko bat erosteko nahikoa diru ez edukitzeagatik. Horregatik ere ordaindu beharko duzu.
“Birzikla ezazue”. Ekoizpena beheratu eta berrerabili ostean, beste erremediorik ez dagoenean, egin beharreko azken B hori gaitz guztien panazea bailitzan. Anartean, erraustegiak bai ala bai eraiki dira gure diruaz, beste batzuek probetxua atera dezaten (FCC eta Sener, besteak beste, ez ote diren horien ugazabak Forbes zerrendatik jausiko).
Baina, trankil, Jaurlaritzak argia ikusi eta klima-larrialdia deklaratu du. Adierazpen instituzionalean, berba potolo artean, neurri zehatz bakar bi: kontratazio publikoetan materialen %40 birziklatua izango dela eta aurrekontuetan partida bat egongo dela... BZO! edo, euskaraz baino, basque-z nahiago badute: WTF!
Denok izan behar dugu arduratsuak, baina ez gara denok hein berean arduradunak. Gu, herritarrok, agindu guztiak ondo eta formal beteta ere, ezingo genuke suntsipena eten, suntsipenarekin aberasten direnek dena libre daukaten bitartean. Hala ere, edo horrexegatik, gu seinalatzen gaituzte.
Krisialdi ekonomikoaren hastapenetan esaten zigutena gogorarazten dit honek guztiak: gure posibilitateen gainetik bizitzen egonak ginela eta gerrikoa estutu behar genuela, nork eta guk, ez gorderik ez galdurik izan ez genuenok. Herritarroi errua egoztea kapitalismoaren lehenbiziko pausoa da edozein krisi gure kontura aprobetxatzeko, kapital metaketan beste koxka bati ekiteko eta, instituzioen laguntzaz, errenten trasbase berria bermatzeko.
Ez pentsa datorrena suntsipen “demokratikoa” izango denik eta denok batera eta eskutik helduta abiatuko garenik, Siniestroren kantan bezala. Gu desagerraraziko gaituzten horiexek, ez izan dudarik, bidean are gehiago aberasteaz gain, azkenean salbu egongo dira.
Kapitalismo berdearen eta apartheid klimatikoaren sasoian sartzen ari gara, baina hori hurrengorako utzi beharko.