argia.eus
INPRIMATU
Euskaldun txapeldun eta fededun
Jose Ignazio Ansorena 2019ko urriaren 22a

Ezagun batek kalean harrituta: “Piter, zu txapela jantzita?”. Harrituago ni, gaztetatik jantzi izan baitut neguetan. Aspaldian euskaldun gehienek ibiltzen zuten. Orain salbuespen tankera du.

Elkarren ondoan afaltzen, euskal rock musikari famatu batek galdetu zidan: “Horren argia izanik, nola izan haiteke sinestun? Agnostiko behar huke”. Argitzat ematea eskertuta, erantzuna berehala: “Sinestun zintzo guztiak bezala, agnostikoa nauk”. Lehenago gure paisaia erlijiosoa uniformea zen. Egun ez da paisaiarik ere ikusten.

Uste baino ustegabeko uste gehiago ditugu pertsonengan adabatuta. Nik badut ongi errotutako ustea: borroka batzuk ezin irabaztekoak diren arren, haien alde saiatzea ona dela norberarentzat eta humanitatearentzat.

*  *  *

Arte zalea naiz, arbolaren eta artisten artearena ere bai. Hark ez dit arazorik sortzen. Honek zer pentsa handiak ematen dizkit, bereziki ustezko artistak saltzaile sentitzen ditudanean, diskurtsu sasi-filosofiko merkeak barra-barra zabaltzen “txanpon baten truke”.

 Jon Bienzobas etakide ohiaren arte erakusketak zerasana eman du. Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak “inperatibo etikoa” aipatu du horren itxiera eskatzeko. Cristina Iglesiasek Donostiako Santa Klara irlako faroetxean jarri behar duen interbenzio horri, berriz, goraipamen eta diru publiko handiak eskaini zaizkio.

Solidario, aurrerazale, ekologiko eta nahi diren komenientzia topiko guztiak esan arren, inozokeriek pertsonak inozo bihurtzen dituzte eta kaltegarriak dira denontzat

Bienzobas espetxean dago. Preso bat margoketan aritzea, kartzelaren zentzu berrezitzailearekin ongi dator. Itsas arrokez inguratutako uharte batean faro etxea hustea eta milioi bat euro, gutxienez, xahutzea, barruan itsas arrokak imitatuko dituen eskultura moduko bat kokatzeko ez zait berri ona iruditzen. Ezta itsasoen egoeraren inguruan erreflesionatzeko bide emango duela esanda ere. Hobe Itsasoari begira sasi-arrokei baino –farotik ederki ikusten da eta zientoka arroka ere bai–. Eta askoz hobe Donostiako su artifizialen kalteez erreflesionatzea, oso kutsatzaileak direlako.

*  *  *

Beste uste bat ere badut: solidario, aurrerazale, ekologiko eta nahi diren komenientzia topiko guztiak esan arren, inozokeriek pertsonak inozo bihurtzen dituzte eta kaltegarriak dira denontzat.

Palestinan, kristau fededunen maisuaren jaioterrian, CAFek egin nahi dituen metroko bagoi horietarako ez omen da inperatibo etikorik. Han suak ez dira artifizialak, benetakoak baizik. Txapeldun fededun agnostiko temosoa naiz. Antigoalekoa.