argia.eus
INPRIMATU
Errigoraren eskutik sortu da Agerraldia taldea
  • Talde sortu berriak Nafarroako erdialdean eta hegoaldean eragin nahi du. Errigora egitasmoaren harreman sarea eta diru iturria baliatuko ditu euskararen ezagutza, erabilera eta euskararen aldeko jarrerak bultzatzeko.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2019ko urriaren 24a
Agerraldia taldearen aurkezpena urriaren 13an egin zuten Tafallan. Errigorak udazkeneko ‘Euskarari puzka’ kanpainako saskiak salgai jarri zituen. Aurki hasiko da kanpaina. Argazkia: Idoia Zabaleta / Foku.
Agerraldia taldearen aurkezpena urriaren 13an egin zuten Tafallan. Errigorak udazkeneko ‘Euskarari puzka’ kanpainako saskiak salgai jarri zituen. Aurki hasiko da kanpaina. Argazkia: Idoia Zabaleta / Foku.

Errigora elkarteak elikadura burujabetza eta euskara lotzen ditu. Nafarroako hainbat elikagai saltzen ditu eta euskararen inguruan lanean ari diren eragileentzat dirua jasotzen du. Elkarteak bazuen kezka bat: euskararen aldeko Euskarari Puzka kanpaina bertan behera geratuko balitz zer geldituko litzateke Nafarroako erdialdean eta hegoaldean?

Hala, euskarara bideratutako taldea sortzea erabaki dute eta duela oso gutxi abian da. Euskaltzaleak eta euskaldunak bildu dira, asko euskaltegietako eta ikastola inguruko nafarrak. Hasi dira lanean, eta hainbat herritan Agerraldia taldea aurkeztu dute. Taldearen berri emateaz gain, haien herrian euskara bultzatzeko zein behar dituzten gogoetatzeko eta aztertzeko eskatu diete. Haizea Lizarbe tafallarra Agerraldiako partaideetako bat da eta berak azaldu digu mota askotako eskaerak espero dituztela. Herri batek euskararen aldeko lasterketa prestatu nahi izango du; beste batek formazio ikastaroa eskatuko du. Herriaren neurria gainditu eta geografia zabalagoan antolatzekoak ere izan daitezke. Esate baterako, UEUren udako ikastaro bat presta dezakete Tuteran. Herri mailako gauza txikiak eta geografia zabalagoko gauza handiak. Izan ere, Errigorak baliabide ekonomikoak bideratzeaz gain, sare zabala osatzen du Nafarroatik kanpora eta urte hauetan garatutako harreman sarea baliatu nahi dute Agerraldiakoek. Azaroan berriz joango dira herrietara, proposamenak jasoko dituzte, beharrak antzemango dituzte, eta asmoa da 2020rako agenda moduko bat prestatzea.

Edozein alorretako ekarpenak jasotzeko prest dago taldea, izan kirol arlokoak, eremu sozioekonomikokoak, kulturakoak, aisialdikoak, erakunde publikoei eragiten dietenak...

Orain arte Errigorak baliabide ekonomikoak AEKren, Ikastolen Elkartearen eta Sortzenen eskura jarri ditu. Hiru eragileak ez dira zuzenean Agerraldiako partaide, baina lankidetza estua izango dute. Hemendik aurrera Errigoraren bidez lortutako dirua bi norabidetan banatuko da, batetik, orain arte bezala AEK-k Ikastolen Elkarteak eta Sortzenek jasoko dute, eta bestetik, Agerraldia taldeak jasoko du herrietako eskaerei erantzun ahal izateko.