argia.eus
INPRIMATU
Errealitate konkretuaren azterketa zehatza
Karmelo Landa 2019ko urriaren 22a

P olitikaren alde zientifikoa erreibindikatu behar dugu. Hauteskunde batetik bestera salto-saltoka doazen politikariak fabula saltzaile bihurtu diren garai hauetan, begirada sakonagoa eta zehatzagoa eman behar diogu elkarbizitza kolektiboaren antolaketa-moduari.

 Goazen konkretura. Demokrazia deritzon Espainiako Estatu hori, gaur egun benetako korporazioa da, egitura trinko eta hierarkikoa duen itxitura. Nazioen eta herrien borondateak ezin dezake modu demokratikoan korporazio horretan eragin. Barne-arau nagusiak aldaezinak dira, eta Estatuaren beraren tresneria zein parafernalia guztia erabiltzen da inposaketa bortitza legitimatzen.

Nola egin aurre korporazio bati, non partaide guztiek goitik beherako dogma ukaezinak inposatzen dituzten? Zer balio izan dezakete hauteskundeek, adibidez, gai nagusien inguruan alderdi guztiek portaera berdintsua agertzen badute?

Kataluniaren adibidea sobera adierazgarria da; arrazoizko azterketa hutsa eginda, edozeinek ikus dezake independentismo katalanak demokraziaren bide soila ibili nahi duela bere helburu legitimoak gauzatzeko. Bada, Espainia deitzen den korporazio horrek ukatu egiten dio aukera hori, eta ukazio hori, gainera, partekatua da korporazioaren parte diren eta sentitzen diren agente guztien aldetik. Katalunian bide demokratikoa ibiltzearen aurka agertzen dira, modu erradikalean, ez soilik Estatu aparatu tradizionalak, ez bakarrik alderdi politiko batzuk edo zenbait ideologia konkretu. Kontra agertzen dira espainiar kontsideratzen diren guztiak, modu batean edo bestean, Kataluniari ukatuz independentziarako bidea modu demokratikoan egiteko aukera.  
Arazo larria dakar horrek. Gobernu bati aurre egin dakioke, eta aldatu, hauteskundeen bitartez. Alderdi bat ere, gaur nagusi izanda, bihar-etzi galtzaile bihur daiteke, eta agintetik urrundu. Baina nola egin aurre korporazio bati, non partaide guztiek goitik beherako dogma ukaezinak inposatzen dituzten? Zer balio izan dezakete hauteskundeek, adibidez, gai nagusien inguruan alderdi guztiek portaera berdintsua agertzen badute?

Espainia den korporazio horren barruan, nekez aldatuko dira Kataluniaren gaineko pentsaerak edo jarrerak. Beste horrenbeste Euskal Herriaren gainekoak, hemen ere noizbait bide demokratikoari sakoneraino ekiten badiogu.
Gaur gaurkoz Espainia izeneko korporazio horren barruan harrapaturik gauden nazioek oso kontuan hartu beharko dugun errealitatea da hau.

Konplikazio hau, handia izanda ere, ez da bakarra; Espainia deritzon korporazioa, gainera, Europar Batasuna (EB) izeneko beste egitura korporatibo handiago eta sendoagoan txertatua agertzen da. Estatuarteko txertaketa horrek sendotasuna ematen dio Espainiari, dudarik gabe. Ondorioz, EB bera, baldintza demokratiko normaletan, Kataluniarentzat edota euskaldunontzat lagungarri izan beharko lukeena, Espainiaren aldeko eta gure aurkako faktore bihurtzen da praktikan.

Zer egin orduan gure nazio eta herri zapalduetan? Hasteko, estrategia egokiak errealitate konkretu honen azterketa zehatzean oinarritu, eta ez eraiki gaztelurik airean, balizko “gobernu aurrerazaleak” irudikatuz Espainia horren aldaketa imajinatuan. Horrez gain, norbere nazio demokratikoa eraikitzeko urrats praktikoak eman, korrontearen kontra bada ere; eta askatasun demokratikorako estrategiak partekatu, arazo beretsua dugun nazioen artean, bai Espainia barruan bai Europan.