argia.eus
INPRIMATU
Gazte beti, bizirik beti!
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2019ko urriaren 15
Fly Shit: "Gaztaroko erokeria bat baino gehiago".

Bergarako Fly Shit taldea oso gazte, hasi berri, ezagutu nuen euren herrian gaztetxerik ez zegoenean eta funtzio hori nolabait Pol-Pol tabernak betetzen zuenean. Gu baino gazteagoak izanda ere, hardcoreak liluratuta zituen kideak eta luzaroan lan egin dute ia bakarrik gure eskualdean beste belaunaldi batzuk hainbeste maitatutako soinu eta gauzak egiteko moduari eusteko. Horren erakusle gero landutako gaztetxea, hauspotutako Txapa Irratia eta beste.

Zarauzko Managaitz askoz geroago ezagutu ditut, baina horiek ere testuinguru antzekoan kokatu ditzakegu. Eszena emankorragoan bai, baina oso gaztetatik herriko gaztetxean, irrati librean eta beste inplikatuta.

Horrek guztiak erakusten du, askok uste dutenaren kontrara, halako musika eta jarrera lantzeko ez dagoela adinik eta benetan sinistuta atera daitekeela denbora eta indarra; ezta? Ez dela, bada, gaztaroko erokeria soila…

Oso dotorea iruditu zait gaur egun Euskal Herrian dauzkagun bi hardcore-punk talde hauek landutako elkarlana; egiteagatik, egin daitekeela erakusteagatik eta emaitza txukunagatik ere. Momentuz biniloan kaleratu dute; eta laster CDan ere argitaratuko da.

Managaitz: "Gaztaroko erokeria bat baino gehiago".

Fly Shitek ezingo du inoiz alboratu DNAn erabat zizelkatuta dituen Bap! eta RKL (nik ere ez nituzke alboratuko!); horren adierazle dira hainbat melodia, gitarra riff eta erritmo aldaketa; baina taldea askoz harago doa: Bidai klandestinoa kanta borobila da, erritmo aldaketa, abiadura eta tempo erdiak dituena. Heriotz gurutzatuak-ek oso presente dauka Fugazi talde handia. Fly Shit 2 autobiografikoa da, azkarra, indartsua eta malenkoniatsua. Eta, azkenik, Sareetan harrapatuta eskola zaharreko harcore amorratu samarra.

Managaitz taldearen eskaintza sorpresa izan da niretzat, izenez bai baina kantuz ezagutzen ez nituelako. Bisitari lotsagabea, Ez ahantzi nitaz eta Zerbaitetarako balio izatea eskola zaharreko hardcore-punka dira melodia ere jasotzen dutena. Espiralaren gailurra Bap! zaharren erritmoak, indar bizia eta sentimenduak uztartzen dituen maisulana. Eta Ezin dugu zein Kamera gabe ere erritmo aldaketak barra-barra eta erritmo bizia dituzten kanta sentikorrak.