Ez dakit Argia foro egokia den nire fantasia (kasik) erotiko baten berri emateko. Hala ez bada, barkatu. Akaso film (estatubatuar) gehiegi ikusi ditut eta, ondorioz, irudi mitifikatua dut publizitateko kreatibo deitzen diren profesionalen gain. Baliteke. Kontua da nik ere nahiko nukeela parte hartu halako prozesu apartsu batean, beste enpresa baten enkarguz, kanpaina bat diseinatzeko nahiz lelo erakargarri bat asmatzeko.
Izan ere, ororen gainetik, nire hiriko bi kirol talderik ezagunenak enpresak dira: Alaves eta Baskonia. Enpresa bakarrean bilduak dira biak: Grupo Baskonia–Alaves Group. Saskibaloiaren kasuan, Kirolbet da babesle nagusia; futbolaren kasuan, berriz, Betway. Funtzio publikoa betetzen omen duten etxeko taldeen elastikoetan apustu-etxeak ageri dira. Sosak, sosen gainean. Txin-txin.
Get ready to shine leloa aukeratu dute Baskoniako bazkideen kanpaina egiteko aurten. Dirdira maite dugu, nonbait. Eta kirolez mozorrotutako fikzio epikoa ere bai. Ez didazue ukatuko, beraz: (hagitz) onak dira kreatiboak gure fantasiez ari direnean.