Bakarrik sentitzeko modu asko daude, haietako bat da gogoko gai bati buruz hitz egiteko solaskiderik ez izatea inguruan. Horretan lagundu dit liburu honek. Mariasun Landak literaturari buruz hitz egiten du denboran zehar argitaratu dituen testuen bilduma honetan.
Euskal literaturaren enbaxadore honek literaturari buruz pentsatzen eta sentitzen duena topatuko dugu bertan, idazle gisa izan duen eskarmentua eta literatura irakasle moduan eskolak prestatzean eta klaseratzean jaso dituen fruituak. Asko irakurri eta idatzitako euskal emakume idazle honen obra oparoko unibertsoa, erreferenteak, estiloa aletuz joango da orriz orri.
Liburutegirako gonbidapenarekin hasten da liburua. Irakurketari buruz hitz egingo digu jarraian, baita idazketara animatuko ere: literaturaren bi alderdiak. Irakurle gisa aitortuko dizkigu bere liburu gogokoenak. Kontatuko digu batzuetan bere “ahots jakintsuei” egiten diela kontsulta. Idazteko leihoa eta gela behar ditugula esango digu, baina bereziki askatasuna nor bere egiaz aritu ahal izateko.
Animaliak eta ipuin klasikoetako pertsonaiak bidelagun hainbeste maite duen haur eta gazte literaturaz jardungo du, oharrak hartzeko gogoa piztuz irakurlearengan. Estereotipoak eta aurreiritziak salatuko ditu eta umorea eta soiltasunaren alde agertuko da. Omenaldia egingo dio Asun Balzola ilustratzaile eta lagunari eta euskararekin izan duen harremanaz arituko da.
Gaur egun literatura nola ikusten duen jakingo dugu eta berak egindako ibilbidearen berri izango dugu, bere liburu mugarriak, jasotako sariak edota emandako hitzaldien arrastoekin. Literatur irakasle lanetan ikasleei oinarri teorikoak eta baliabideak eman behar zaizkiela esango digu, literatura testuez goza dezaten eta testuak sor ditzaten.
Literaturak hunkitzeko eta harritzeko duen gaitasuna maite du, jolasarekin duen lotura eta ikusten ez ditugun gauzak ikusgarri egiteko ahalmena. Hala ere, literaturak ez du bere garairik onena bizi. Hona gogoetarako egindako aipuetako bat: “Gizakiaren ezbehar guztiak datoz gela batean lasai esertzeko eta bakarrik egoteko gaitasun faltagatik” (Blaise Pascal). Literaturaren aldeko manifestu edo maitasun gutun hau irakurri ostean literatura irakurtzen jarraitzeko eta idazten hasteko gogoa areagotu ala piztuko ahal zaigu?