argia.eus
INPRIMATU
LED bonbillak ala iraultza?
Itziar Bardaji Goikoetxea 2019ko urriaren 08a

Azken asteotan asko hitz egin da klima aldaketaren inguruan. Politikariak presionatzeko eta kontzientziak esnatzeko bideak bilatzen dira, hala nola, modu berriztatzailean, pasa den irailaren 27ko greba.

Galdera: bakarkako keinu ugariren baturak eta intentzio oneko (demagun) politikariek har ditzaketen erabakiek eragin al dezakete aldaketa esanguratsu bat?

Sistema ekonomikoaren egonkortasunaren baldintza hazkuntza tasa positiboa da. Hau da, urtero, aurreko urtean baino gehiago produzitzea. Baserriko bizimodua desagertzen ari da, herriak hustu eta hiriak beteaz. Merkatu globalizatuaren lehiakortasunak etekin eta kostuen legeak soilik ditu ulertzen. Eta produkzio sistema ero hau sistema finantzarioaren erabat menpekoa da. Gizartea osatzen dugun inurritxoek hau guztia sostengatzen dugu. Geure bizitzetako jardun nagusitzat, sistema ekonomikoak guretzat erreserbatu duen eginkizuna, soldatapekoa edo doakoa, betetzen dugu.

Jendartearen hautuaren eta sistemaren egituraren artean lotura jarraitua ala haustura saihetsezina al da? Jasangarritasuna urruti al dago? Ala egungo mundua ulertzeko markotik kanpo?