argia.eus
INPRIMATU
Korralito forala reload?
Iván Giménez @IvnGimnez 2019ko urriaren 08a

Berriozar auzoko Rekalde kalean bizi bazara, zure urteroko errenta 23.000 eurokoa izango da, gutxi gorabehera, estatistikek diotenez. Aldiz, Iruñeko Bigarren Zabalguneko goiko aldeko (González Tablas, Bergamin…) auzokidea izatea egokitu bazaizu, 84.000 euroko errenta eskuragai izango duzu. Berriozarrekoa bider lau! Jakina, tartean ikus dezakegu abaniko osoa, bai Iruñean, bai bere eskualdean eta are krudelago Nafarroa osoan: Erriberan (Castejón, 24.000 eurokoa) eta Mendialdea (Urdazubi, 61.000 eurokoa).

Betidanik saldu digute Nafarroan klase ertainekoak garela ia-ia nafar guztiok (etorkinak beste klase batekoak direla dirudi), eta horrela jokatzen dugu gure eguneroko bizitzan zein hauteskunde garaian: klase ertainaren eta goikoaren interesak defendatzen

Betidanik saldu digute Nafarroan klase ertainekoak garela ia-ia nafar guztiok (etorkinak beste klaseko bateakoak direla dirudi), eta horrela jokatzen dugu gure eguneroko bizitzan zein hauteskunde garaian: klase ertain eta goikoaren interesak defendatzen. Eta okerrago dena... ohartu gabe. Ezberdintasun ekonomikoak ez dira agendan sartzen (ez politikagintzan, eta oso gutxitan komunikabideetan, krimenak eta basakeriak aireratzeko ez bada), eta beste mundu bateko gauzak direla dirudi. Alabaina, noizean behin estatistika ofizial batek (arestian aipatutakoa, adibidez) egunkari nagusien bi orri hartzen ditu, herri eta auzoen zerrenda eta guzti, gure jakinmina asetzeko helburuarekin: ea non gauden kokatuta, ondoko herriaren aurretik ala atzetik, eta non dauden gure hiriko kalerik aberats eta txiroenak jakiteko. Reality show batean bageunde bezala.

Agian, bagaude.

Baina ez, errealitate hori ez da, berez, naturala, Arga ibaia edo Adi mendia diren antzera. Errealitate hori eraikitzen da, egunero, lan zentroetan eta… fiskalitatean. Ondasuna banatzearen alde denok omen gaude, zehaztasunetan sartu arte, jakina. Azken finean, ondasuna banatzeko bi bide besterik ez daude: negoziazio kolektiboa (soldatak, lan hitzarmenak) eta zergak. Besterik ez dago.
Zergei buruz idatzi behar nuenean, errazago jarri zidan Nafarroako Gobernu berriak (aurrerazalea eta bizikidetzaren aldekoa, bere propagandak dioen moduan). Ondare Industrialaren Zerga 2020an kentzeko asmoa agertu du, PSNk eta Geroa Baik proposatuta, Bigarren Zabalgune horretan (eta beste kale batzuetan) bizi direnei milioi bat euro aurrezteko asmoarekin. Agian, Gobernu aurrerazaleari Berriozar eta Bigarren Zabalgunearen (edo Castejón eta Urdazubiren) arteko aldea ez zaio nahikoa iruditu, eta arrakala hori zabaldu nahi du apur bat. Gobernuak dio, fiskalitatea “hobetzeko” hartzen dituela neurri hau eta iragarri dituen beste batzuk merkatzea, adibidez etxejabeei alokairuen PFEZa (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga).

Hobetu bai, betikoentzat. Korralito forala reload?