Bavieran (Alemania) Brontze eta Burdin Aroko haurren hilobietan aurkitutako buztinezko zenbait ontzitan esne arrastoak aurkitu dituzte. Ontzitxoak 5-10 cm zabal dira eta albo batean zulotxo bat dute.
Lehenago ere uste zuten biberoi modukoak zirela, baina orain ganadu etxekotuaren esnea aurkitu izanak hipotesia berretsi du.
Ikerketaren emaitzak Nature aldizkarian jakinarazi dituzte, eta Bristoleko Unibertsitateko Julie Dunne ikerlariaren arabera: “Aztertutako ontziak duela 3.000 urte ingurukoak dira, baina 7.000 urtekoak ere badaude. Horregatik uste dugu gizakiak Neolitoan hasi zirela haurren esnealdiak laburtzen eta bularra emateari goizago uzten”.