Testu hau idazterakoan, Euskal Herriko LGBTI+ mugimendu ia osoak deituriko manifestazio batek zeharkatu berri ditu Bilboko kaleak. Leku atipiko batean izan da amaiera-ekitaldia, Kasilda Parkean hain zuzen, aurrez aurre dauden jauregi-hotelean egon baitira bilduta asteburuon EPOA (Europride enpresa), Udala, Aldundia eta hiriko elkarte bat. Euskal medioetan, nahiko zabal hitz egin da protesta horren zergatiaz (salbuespen dei[a]garri batekin), alegia nola borrokaren merkantilizazioaren kontra gauden, nola askatasunak eta kapitalismoa txarto uztartzen diren... Beraz, ez naiz horretan luzatuko, baizik eta gauzak lasai eta kanpotik bezala –posible dudan heinean– begiratzen ahalegindu, ikusmira positiboz beti ere.
LGBTI+ mugimendua 1969ko hasiera hartan iraultzailea zen, duda barik, Euskal Herrian zazpi bat urte geroago sortu genuena bezalaxe. Iraultzaileak ginen bai. Eta bagara. Gizartea irauli nahi genuen. Eta nahi dugu. Gizarte berdintzaileagoa eta justuagoa aldarrikatzen genuen jada 1977an; gizarte sexista, matxista, heteropratriarkal, klasista eta kapitalistari alternatiba bila genbiltzan. Eta bagabiltza. Apurka-apurka, aldiz, munduan barna, mugimenduaren zati bat hasi zen erreformista bihurtzen eskubide batzuen aitortza erdietsi ahala. Gurean eutsi diogu jatorrizko jiteari, erreformismoaren iritsiera atzeraraziz edota haren eragina motelduz. Baina heldu egin da bete-betean, orain ez asko. Guretako gehienontzat samina datekeen errealitate horrek, berriz, badu alderdi onik. Itxaropentsu sentiarazten nauten zeinuetako batzuk hauexek:
1. Esan berri bezala, inguruan eztabaida piztea lortu dugu: aspaldian, ez da horrenbeste hitz egin gaiaz.
2. Mobilizazioetan gazte andana ikusten da. Kezkaz, urtetan ez dut belaunaldi erreleborik sumatu. Patxadaz har nezake orain erretiroa, lanean jarraituko duenik badagoela ziurtatuta ikusten baitut.
3. Ilusioz, mimoz eta maitasunez sortu eta lau hamarkada luzez hazi dugun EHGAM taldea gaixo, makal dabil. Harro sortarazi dugu. Esan liteke lasai asko Harro dela egun garai batean EHGAM izan zena.
4. Sistemak fagozitatu nahi du LGBTI+ mugimendua, ezagutzen duten modurik hoberena baita gustukoa ez zaien oro neutralizatzen saiatzeko. Sistemak soilik egiten du hori olatua arriskutsu ikusten duenean. Lagunartean txiki hasi genuen hura erraldoi bihurtu da, sistema bera kezkarazi arte.
Eginkizuna egina. Lasai eta pozik nago, alajaina!