Maientzat kolore urdina garrantzitsua zen; besteak beste, sakrifizioarekin lotuta zegoen, eta biktimak goitik behera urdinez estaltzen zituzten hil baino lehen.
Maien urdin berezi horren jatorria argitu gabeko misterioa izan da mende luzez mendebaldekoentzat, beharbada itsas urdinarekiko obsesioak elikatuta. Baina 2010ean Dean Arnold antropologoak maiek urdina lortzeko erabiltzen zuten teknika aurkitu zuen: indigoa eta paligorskita nahasten zituzten.
2017ko ikerlan batek argitu zuen paligorskita nondik ateratzen zuten: Chichen Itzako urdina Salacuim meatzetik lortzen zuten eta Palenquekoa, aldiz, Ticul meatzetik. Meatzeak hirietatik gertu zeuden eta ez zen teknologia aurreraturik behar minerala erauzteko. Hala, urdin maia eder hura erraz eta merke ekoizten zuten.