Kaleko espaloietatik urrun bizi naiz, eta horrek baditu alde onak eta hobeak. Onenetako bat bizilagunak dira. Kalean atari berean edo bestetxean edo etxekonean bizi direnak pixkanaka ezagutzen diren era berean, hemen ere inguruko biztanleak bizilagun egiten dira. Ezagutu eta zenbaiti izena ere jartzen zaie. Animaliak ez ditut oso gustuko eta ez diet jarraipen zehatza egiten; baina zenbait gogoko ditut. Bigararen buru gainean jarri eta adarren arteko intsektutxoak jatera ematen diren mikak, tarteka ardien bizkarrean ere aritzen dira, artile artean mokoka. Oso noizean behin ikusten dudan faisai goiztiarra. Intxaurretara etortzen den kattagorri familia. Etxe buelta garbitzen duten saguzarrak. Etxepean neu baino lehenagotik bizi den urubien leinua.
Landareena beste sagardotegiko bukoia da. Landareak hor ditugu, milaka eta milaka bizilagun inguruan. Geldirik, gustura asko bizitzen. Eta bizitza mordo hori da erakargarria, ikusgarria. Egunetik egunera aldatzen dena; eguneroko eguraldiaren nahikeriara, animalien igurtzietara eta koskadizoetara eta abar ugarietara egokitzen dena. Hori dugu landareen lagunok alde: landareek ez dute ihes egin beharrik eta bere bizitza guztia agerian sortzen dute. Guztia, guzti-guztia ez; lurgainekoa. Hostoen kolorea aldatu, soildu, haizearekin dantzatu, udaberriko soineko berria jantzi, loretan harrotu, fruituak eskaini...
Lurgaineko landarea, guk ikusten duguna, eguzki panel soil bat da. Lurpean bizi da benetako landarea; begi bistan duguna baino askoz ere handiagoa. Gainekoaren betebehar nagusia da, argiarekin elikagaiak sortzea. Beste lan garrantzitsu bat ere badu: ugaltzea. Horretarako esporak emango ditu, baldin eta garoa bada eta gainontzekoek lorea, fruitua eta hazia. Elikagairik gabe, ordea ez dago ezer. Eguzki panela da, beraz oinarrizkoa. Bere kasa bizitzeko burujabetza emango dio. Beregaina da.
Landareon hirugarren ezaugarri nagusia etengabe haztea da. Urtea joan eta urtea etorri hazi egin behar da, den mendrena bada ere hazi, kimua luzatu. Hazkuntza amaitzen denean hiltzen hasten da.
Landareen hiru adierazle horiek markatuko dute bere egunerokoa. Eta neu txoratuta, bakoitzarena jarraitu baitezaket. Eta espaloi artekoetan zenbat dago hori ikusi ere ezin duena? Belar txikiena ere mehatxu iruditzen zaiona? Belarra hazten, zuhaitza luzatzen, lorea zabaltzen ikusi ezin duena? Gure herrian biribilgune batean orkidea naturalak loratzen dira udaberriero. Lotsagabeak! Zabaldu orduko makina hor dator, epaile, eta zast, lepo egiten die. Landareak hankapean, zera! Harrotu gabe!