Agur esan nahi dut txukun samar, eta ez dakit ondo nola egin.
Tira. Duela hamasei urte, Letonak egin zidan gonbita Argia-n idazteko. Izugarrizko poza eragin zidan, ze une hartan, autoestimua ez neukan oso sendo. Izan ere, garai latzak bizi izan genituen ikastoletan aurreko sei urtetan zehar, eta gertakari haiek, nire orbanak zabaldu egin zituzten. Eta egoera hartan, eskaintza hura sinestea ere kostatu egin zitzaidan, eta horrela galdetu nion:
– Hi, Xabier, ziur al hago?
Berak, ez dut gogoan zehatz-mehatz zein hitzekin, horrelako zerbait erantzun zidan:
– Proposatzen badiat zer edo zerengatik izango duk.
Harrezkero, Argia-ren ispilu honetan ibili naiz erakusten nire barruan egon diren kezkak eta ikuskerak. Eta gaurko artikulua osatzeko gida ere hortxe bilatu dezakedala pentsatu dut, urtetan jorratu ditudan eremuetan. Horretarako, erakusleiho honetara ekarri ditudan gaiak erreskatatzen ibili naiz azken egunotan. Eta emaitza da jakin-min arloak ez direla hainbeste izan. Hemen sintesia:
'Argia'-ren ispilu honetan ibili naiz erakusten nire barruan egon diren kezkak eta ikuskerak. Eta gaurko artikulua osatzeko gida ere hortxe bilatu dezakedala pentsatu dut, urtetan jorratu ditudan eremuetan
Autoeraketa. Garden ikusten da, alez-ale, pentsamendu hori dela nire konstante nagusiena, beste hainbat gairen kokapen eta azalpen lekua. Beraren baitan, eta berari esker ulertu izan dut, besteak beste, pertsona eta komunitateen garapena, gizarte eraldaketa, egiazko ahalduntzea, errealitatea eta utopia konbinatzeko aukera eta, baita, demokraziaren espresiorik gorena ere.
Kooperatibismoa eta garapenerako lankidetza. Artikuluen joan-etorrian nabaria da bi gai hauek ere miresmena eta interes izugarria piztu izan didatela, batez ere, nire lehen urteetan. Azken boladan, ordea, errespetua eta errekonozimendua bai, baina batzuenganako dezepzioa ere ikusten da.
Ikastolak. Askotan nabarmentzen da idatzietan ikastolen esperientzia. Batez ere esateko, herrigintza eta autoeraketaren eremuan, herri honek daukan praktikarik erakusgarriena dela. Gorabeherak gorabehera, gizartean txertatuta eta berarekin igurtzian dagoen errealitatea da ikastolena.
Abertzaletasuna. Politika orokorrarekiko nire interesa ere angelu horretatik eratorritakoa dela ikusten da. Horren atzean, nagusiki, sentimendu bat eta desio bat eduki izan ditut: Espainiarekin eta Frantziarekin berdinetik berdinera harremanak izateko nahi garbia eta askatasun egarria.
Erronka pertsonalak eta barne garapena. Tarteka, bikotea, maitasuna, gorabehera pertsonalak eta sentimenduei ere tokitxo bat egin diet.
Besterik ez, eskerrik asko Asurmendiren zaintzari eta irakurleei.