Donostiako Dabadaba aretoan Europan zehar biran ari diren taldeak ikusteko aukera egon ohi da, astean zehar, normalki. Bestela ohikoa ez litzatekeen kontzertuaz gozatzeko aukera izan da irailaren 11n, Vels Trioren eskutik.
Brightonetik (Erresuma Batua) dator hirukoa, eta hasi berria izan arren ezaguna da jazz eszena berrian. Bost kantu biltzen dituen euren lan bakarra 2017an kaleratu zuten eta 2018an single bat streamming plataformen bidez. Sei kanturekin izena sortzen aritzea ez da ez, lan erraza. Tarte txikian oholtza partekatzea lortu du Cory Henry and the Funk Apostles, Sons of Kemet, Boses Boyd’s Exodus, Nubya Garcia eta abarrekin.
Jazz zirkuitua den arren euren jokalekua, etiketak aurreiritziak baino ez ditu sorraraziko. Jazza da euren estiloa, zalantzarik gabe, euren musikan inprobisazioak daukan lekuagatik. Baina etiketa horrekin antzeko beste taldeak bilatzea ez da hain erraza izango. Baxua, bateria eta teklatu sintetizadoreak dira formatua. Eta hori Herbie Hanckok-ek asmatu bazuen ere, bestelakoa da hirukoteak dakarren kolorea.
Funk geldoa, hip-hopa, trip-hopa eta elektronika dira jorratzen dituzten doinuak. Kamaal Williamsengandik (lehen Yussef Kamaal) gertu daude kontzeptuak, baina ezin dira bere talentu erraldoiarekin konparatu. Horregatik konposaketak xumeagoak dira, eta indargunea beste nonbait bilatzen dute. Indarrean adibidez.
Vels Trioren grabaketetan antzematen ez den energia eraman dute zuzenekora. Kantuak azkarrago eta indartsuago egin baitituzte. Dougal Taylor bateria-jotzaileak du errua, ziurrenik. Hip-hoparen ezaugarri den monotonia apurtzen du, platerak ondo asko egurtuz. Bonboari ere beltzetan indartsu ematen dio, une batzuetan technora salto egiten dutela iruditzeraino. Erritmoa, batzuetan, Cameron Dawson baxu-jotzaileak eraman behar du beraz. Buruarekin markatzen ditu azentuak, Taylorrek solo aske bat egiten duen bitartean. Batzuetan ez dakigu nahastu nahian dabiltzan edo muturreraino eramaten duten tempoa.
Jack Stephenson-Oliver tekla jotzaileak dauka melodia eramateko erantzukizun osoa. Batzuetan soinua kontrolatzea zaila egiten zaion arren, ondo asko betetzen du espazioa. Sinte luze batekin akordeak egin eta bestearekin melodia eta soloak. Bi eskutarako hiru teklatu gutxitxo duela dirudi batzuetan.
Kontzertu ederra eman dute. Inprobisazioak ondo uztartu dira groove indartsu eta dantzagarriekin. Erritmo bikaina eta inspiragarria ekarri dute asteazken buruzurira. Pena handiena ziurrenik sasoiko Donostiako kontzertu onenetakoan aretoa erdi hutsik zegoela. 40 lagun inguru 300dik gora lagunentzako espazioan. Jazzaldia izango balitz aretoa beteta egongo litzateke, ziurrenik, baina donostiarrontzat udako jaialdietako musika baino ez da jazza.