argia.eus
INPRIMATU
Nazioarteko Diru Funtsak 75 urte
Krisia ikusi al du?
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2019ko irailaren 24a

1944ko uztailaren 22an, duela 75 urte, Bretton Woodseko akordioa sinatu zuten Bigarren Mundu Gerra irabaztear ziren herrialde aliatuek. AEBetako New Hampshireko hotel hartan, Nazio Batuen Erakundeak munduko finantza harremanak ezarri zituen eta halaxe sortu ziren Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) eta Munduko Bankua, dolarra erreferentzia gisa hartuta. AEBetako boterea eta eragina nabarmenak izan ziren sorrera hartan eta erakunde horien bilakaera baldintzatu zuen horrek.

NDFren helburu nagusietakoa da zailtasun ekonomikoan dauden herrialdeei dirua uztea hainbat baldintzaren truke. Bere jokabidea oso kritikatua izan da, inposatzen dituen murrizketa planak oso gogorrak direlako eta gastu sozialari bete-betean eragiten diolako. Behar gorrian dauden herrialdeak menpekoago egiteko, zorra erabiltzen du batez ere, eta politika neoliberalak ezartzeko berdin zaio diktadurak laguntzen baditu ere.

Eric Toussaintek (CADTM) “kolonialismo berria” deitzen dio horri. Bere liburuetan azpimarratu izan duenez, bai NDF-k bai Munduko Bankuak diktadurei emandako laguntza sistematikoa izan da, haien politiketan zuzenean eragiteko asmoz: Somoza Nikaraguan, Pinochet Txilen, Mobutu Zairen… Paradoxikoki, Munduko Bankuko estatutuek espresuki debekatzen diote arlo politikoan esku hartzea: “Irizpide ekonomikoek baizik ezin dute bere erabakietan eragin”.

Baina giza eskubideak urratzen dituzten erregimen politikoekin soilik ez, ekonomiaren gorabeherekin ere jolastu izan dute bi erakundeok, informazio nahasgarria nahita emanez. Hala egin zuen Mundu Bankuak 1982an Hego Ameriketan leherturiko krisiarekin. 60ko hamarkadan banku horrek askotan jaurti zituen zenbait herrialdetako zorpetze handiagatik egon zitezkeen arazoen inguruko abisuak. Baina Toussaintek dioenez, 1973ko petrolioaren prezioaren gorakadaren ondoren diskurtso bikoitza hasi zuen: alde batetik, publikoki “krisi” hitza erabiltzeari utzi eta are gehiago zorpetzera bultzatu zituen herrialdeok. Bestetik, barne memorandumetan aitortzen zuen asko “muturreko egoerara” irits zitezkeela maileguak ezin kitaturik. Alegia, bazekien krisia bazetorrela.

Nola azaldu Munduko Bankuaren jarrera hori? Petrolio esportatzaileek dirua barra-barra zuten 1973ko prezioen gorakadaren ondorioz eta beste herrialdeetako zorrean inbertitzen hasi ziren. Baina Toussanten ustez badago beste arrazoi bat: “Munduko Bankuak bere eragina handitu nahi izan zuen kapitalismoaren aldean zeuden ahalik eta herrialde gehienetan”. Hortaz, 1978 eta 1981 urteen artean mailegaturiko dirua %100 handitu zen, 1982an krisia lehertu zen arte. Hala hasi zen Hego Ameriketako “hamarkada galdua” deitu izan dena, Mundu Bankuak eta NDF-k gidatuta.

Badago krisi hura 2008ko Atzeraldi Handiarekin alderatzen duenik. Duela hamarkada bat, NDF desprestigiaturiko dinosauro bat zen, baina finantzen paperezko gaztelua erori zenean, herrialde boteretsuenek funts horren kata-narrua berriz gizentzea erabaki zuten, jarrai zezan beti egin duena egiten: xantaia ekonomikoaren bidez herritarrak estutu. Zer gertatuko da oraingoan? Ez dirudi NDFk dominaziorako abagune berri hau alferrik pasatzen utziko duenik, hala iraun baitu 75 urtez.