Oraindik ez dira osatu 2008an hasi zen krisialdiaren zauriak eta, berriro, planetako ertz guztietatik motelaldi berri baten ezkila hotsak entzuten ari gara. Horrela diote aldizkari espezializatuek, datu ekonomikoek, baita hartzen ari diren zenbait neurri ekonomikok ere, ekonomia larrialdira doala aurreikusten baita. Zalantzarik gabe, euskal ekonomiak ere ondorio horiek jasango ditu.
Hasteko, geure inguruko ekonomiaren motorra den Alemania, ofizialki, krisialdian sartzeko egoeran dago. Hori konfirmatzeko hil honen amaieran egingo den hiruhileko hazkunde tasa negatiboa izatea nahikoa izango da eta orain arteko adierazgarriek alemaniar ekonomia ildo horretan sartuta dagoela erakusten dute. Egoera horrek euskal ekonomia atzetik eramango du, autogintzarekin lotutako enpresa asko baitaude geure artean: ez ahaztu Volkswagenek eta Mercedesek faktoria handiak dituztela gure artean, non zuzenean langile ugari dauzkaten kontratatuta, gehituta zeharkako enplegua.
AEBren hegemonia, batik bat ekonomikoa, auzitan jartzen ari da eta Txina, emeki-emeki, hurbiltzen ari zaio, EBk atzerapausoak ematen dituen bitartean, nahiz Alemaniak, hala moduan bada ere, bere protagonismo industrialari oraindik eusten dion
Beste krisialditan ez bezala, Alemaniakoak baditu ohiko zergatiaz gain, beste zenbait erantsi behar zaizkionak. Izan ere, kontuan izan behar dugu 2004an ezarri zuen eredu ekonomikoa agortu egin dela: kalitate handiko industria produktuen esportazioa (autoak, makineria eta abar). Modu horretan, batik bat Europako periferiara, Txinara, Erresuma Batura eta AEBetara erruz esportatu du eta bere merkatal balantzeak superabitak izan ditu, BPGren %7ra iritsi arte. Ikaragarria. Bitartean, bertako merkatua ez dute sustatu behar adina, hori baita politika merkantilistak erakusten duena: herrialde batek aberastu nahi badu, kanpo balantzeak positiboak izanda lortuko du. Hori izan da, hain zuzen, Alemaniaren politika, nahiz horrek EBren periferiako ekonomiak sakonki kaltetu dituen azken hamarkada honetan.
Horrez gain, AEBen muga zergak direla-eta edo Txina autogintzan ematen ari den aurrerapena dela-eta, batik bat auto elektrikoan, eragin negatiboa izaten ari da Alemaniako autogintza boteretsuan. Izan ere, Txina apustu sendoa egiten ari da etorkizuneko auto elektrikoan mundu lidergoa eskuratze aldera. Oro har, alemaniar auto industriarentzat ez da batere baikorra izango, are okerrago, Britania Handiko merkatua ere murrizten bazaio Brexit-a gauzatzen denean.
Lotura ekonomiko horiek areagotu dira ekonomia globalizatu den heinean eta oraingo kasuan munduko ekonomiaren lidergoa ere jokoan sartu da. AEBen hegemonia, batik bat ekonomikoa, auzitan jartzen ari da eta Txina, emeki-emeki, hurbiltzen ari zaio, EBk atzerapausoak ematen dituen bitartean, nahiz Alemaniak, hala moduan bada ere, bere protagonismo industrialari oraindik eusten dion. Beraz, bi inperioren arteko gatazka gogor batean kokatuta gaude eta europarrok ahultzen jarraitzen dugu; euskaldunok ere gurdi horretan bidaiatzen dugu.
Eta gerora zer? Oraindik hor daude 2008an hasitako krisialdi gordinaren zauriak: langabezia tasa garaiak, enplegu prekarioa, soldaten arteko arrakala, etxebizitzaren prezio eta alokairu jasanezinak, zerbitzu sozialen murrizketak (osasuna, hezkuntza, menpekotasuna…), pentsio publikoen auzia, ikerketarako inbertsio gastuen eskasia, eta abar luze bat. Krisialdi horretatik irteteko estatuek bitartekoak badituzte, baina krisi sortzaile-sustatzaileak zigortu ordez, saritu egin dituzte. Ea politika oker hau oraingo honetan iraultzen dugun!