Gertuko norbait joaten denean, hiltzen denean alegia, gerta liteke gauza batzuk esan ez izanaren pena sentitzea. Guri gertuko pertsona bat joan zaigu duela gutxi, eta gauza batzuk esan ez izanaren damutxoa dut, baina pozik nago beste gauza batzuk esan egin nizkiolako.
Esan nion nire Joxe Ripiauren abestirik gustukoena Kabilia hautsia da coraçao dela, eta hark erantzun: “Bueno, Sorkunen koroak, badakizu…”. Ez dut uste apalkeriatan ari zenik. Testuko hizkuntzei buruz galdetu nion, itxuraz euskara, gaztelania, portugesa eta amazigera izan zitekeen zerbait nahastuta zeudela eta. Ez dut erantzuna ondo gogoratzen, baina hizkuntza hori erdi-asmatu egin zuela esango nuke.
Gasteizen bizi zenean bere etxera gonbidatu gintuen asteburu-pasa arreba eta biok, duela hogei bat urte. Jimi Hendrixen koadro bat zuen paretan, aski leku pribilegiatuan. Sarrerako atea zeharkatzearekin batera aurkeztu zigun: San Jimi!. Anekdota hori kontatu nion duela urte gutxi batzuk. Ez zuen gogoratzen, baina berretsi egin zuen Hendrixekiko miresmena: “Honbre, San Jimi…”.
Esan nion gure kanta bat Neguren Sabel-hiztunaren ordu ikaragarria-n oinarrituta dagoela. Lehenengo aldiz zuzenean jo genuenean agian pentsatuko zuen “nahi bai zuek…”, baina ez zen bere estiloa halakoak esatea.
Esan nion nire anplia nahi beste erabiltzeko, eta bere azken taldearekin dezente aprobetxatu zuen. Hark bere gitarra mitikoa utzia zidan lehenagotik, bueltatzeko baldintzarik gabe. Oso truke naturala izan zen, konfiantzazkoa, ia despreokupatua. Segur aski, hobeto pentsatuta, ez genuen truke terminotan pentsatu.
Hamar urte bete nituenean hartz txiki bat oparitu zidan berak pintatutako marra blaugran-arekin. Bazekien ronaldozalea nintzela, eta saltzaileari galdetu omen zion: “Aizu, Ronaldok non jokatzen du?”. Ez nion inoiz esan ea nola ausartu zen hori galdetzera. Ez zen oso futbolzalea, bistan da.
Nire arreba nagusia jaio eta gutxira sehaska-kanta bat konposatu zion, kasete batean egongo da hor nonbait grabatua. Ez nion esan, nahiz ia 30 urte izango diren ez dudala entzun, asko gogoratzen naizela abesti harekin, eta oso ederra iruditzen zitzaidala. Lo, lo, lo, loa, Garazi…”.
Ez nion esan izugarri estimatzen nuela, oso gustura egoten nintzela berekin. Sumatuko zuen, baina hitzetan jartzea ere ez zen sobera egongo. Ez nion esan zendu zenetik buklean ditudala bere dozenaka kanta buruan. Nahita ere ezin esan hori, baina esateko gauza polita izango zen, azken agur gisa.