Navarra Sumari aholkuak ematen hasteko gogorik ez dudanez, kanpotik ikusitakoa esatera mugatuko naiz: nafar eskuina, diskurtsoan zein lidergoan, kili-kolo dabil. María Txibiteren gobernua sendotzen bada, diskurtsoa aldatuko duen ez dakit. Lidergoa bai, seguru asko.
Maiatzaren 26an, aldaketaren aldekoak kopetilun oheratu ziren, Nafarroa betikora bueltatuko zelakoan: eskuina boterera berriro, sozialisten laguntzari esker. Egia da UPNren zerrenda kideen izen eta izanak zaildu egiten zuela tratua: kakazturiko PP, batetik; foru eskubideen aurkaria, bestetik (Cs). Javier Esparzak zama hori berehala kentzeko eskaini omen zion Txibiteri, bien arteko hitzarmena egiteko. PSN ezezkoan tematurik ikustean, duela lau urteko apokalipsiaren antzekoa iragarri zuen: gu gobernutik kanpo uzteak Nafarroaren, Espainiaren eta munduaren beraren akabera ekarriko du.
Egia esan, Pedro Sanchezen ikuspegitik tratuak arrisku handia zuen, eta etekin gutxi. Miraria izan da, nire ustez, Madrildik baimena eman izana. Milagroko batek, nork bestela, lortu du miraria: Santos Cerdan, Sanchezen konfiantzako gizona.
PSNk gai batzuetan atzera egin beharko du. Agian, hobe ahalik eta azkarren egitea, barne kohesioa lortuta funtsezko erronka batzuei eusteko: heldu den urteko aurrekontuak, kontuen oreka, hitzarmen ekonomikoa berritzea...
Txibiterena gehiengorik gabeko gobernua izanik, oposizioko bi taldeek baldintzatuko dute haren etorkizuna: Navarra Sumak eta EH Bilduk. Eskuin batua, orain arte, purrustada txapelketan aritu da, gogotsu, Uxue Barkosen garaian bezala. Muturturik eta espantuka segitzeaz gain, Txibiteren kontraesanak nabarmentzen saiatuko da. Horretarako, egia esan, ez zaio aukerarik faltako. Aurreko legealdian, PSN gogor aritu zen hainbat gaitan orain kide nagusi duen Geroa Bairen aurka, UPN-PPrekin bat eginik: zerga politika, udal mapa, euskara, sinboloen legea… Oraingo gobernuak aldaketan sakonduko badu, Barkosek-eta dioten bezala, ondorioa begi-bistakoa da: PSNk gai batzuetan atzera egin beharko du. Agian, hobe ahalik eta azkarren egitea, barne kohesioa lortuta funtsezko erronka batzuei eusteko: heldu den urteko aurrekontuak, kontuen oreka, hitzarmen ekonomikoa berritzea, mehatxuka dabilen krisiari aurre egitea, kalitatezko enplegua bultzatzea…
EH Bilduri dagokionez, hark ere egin du Txibite lehendakari, aukera hoberik ez zegoela iritzita. Nire ustez, PSNren eta EH Bilduren arteko harreman motak funtsezko beste kontu bat argituko digu: nafarren herena politikoki baztertzeko garaia betiko amaiturik, luze iraun dezakeen beste garai politikoan sartzen garen ala ez.