argia.eus
INPRIMATU
IRITZIA
Maletak errez
David Bou 2019ko irailaren 17a

Eguzkiarekin jaiki eta ilargia besarkatuz oheratu. Unibertsoak markatzen dituen denboren neurrira bizi. Niretzat, horiek dira askatasunaren taupadak. Tramontanak (Ipar haizea) berriz ere ufatzen du Costa Brava-n. Uda mina behin iragan ondoren, itsasoa hoztu da eta euriak mehatxatzen du. Hegazti saldoek latitude epeletarako bidea hartu dute, ugaztun nagienak negu hurbilerako gordeleku bila ari dira.

Iraila berriro ere. Lanaldi berri bat abiatu da eta eguneroko bizimoduan ari gara. Minutuak kontatzen ditugu berriro ere, eta agendak dauka lehentasuna. Lan merkatuaren prekarietateak ekoizpena sustatzen du eta oporraldia pribilegioa bihurtu dugu beharrizan izan ordez. Aste bakar batzuk baino ez ditugu urtean atsedenaldirako, ezagutzarako eta gozamenerako tarteak. Nagusiei eskertu beharreko opari suerte bat.

Aitortu beharra daukat: aurten ere ez dut hegazkina hartu. Ez duzu jakin non egon naizen, ez baitut Instagramen arrastorik utzi. Behinola esan zidatenez, leku ederrak kontu handiz babestu behar dira... Humanitateak paraje gehiegi suntsitu ditu, oihan itsaso eta izarrak konkistatu nahi izatean. Horregatik, bizitzea egokitu zaigun mundu-zatiaren alde borrokatzen irakatsi zidaten aitona-amonek. Lekukoa hartu nien.  

Itsasoari ateak eta haizeari kaiolak jarri nahiko lizkieketen izaki gutiziatsuak ez dira diruz asetzen. Txiroa uxatzen dute eta disidentea jazartzen, euren kontrol eta miseriatik ihes egin nahi dutenak exiliora behartuz

Naturak inguratuta eta inguruarekin batera bizi. Pirinioetako tontor garaietaraino igo eta hodeiak laztandu. Ibaiak bihurtuko diren errekatan behera joan, Mediterraneoarekin bat egin zibilizazio itsas-andana batean igeri egiteko. “Ibiltari, ez dago biderik, ibiliaz egiten da bidea”, zioen Machado maitatuak. Eta hemen segitzen dugu, iraganeko aztarnez betetako xendretan zehar, haran eta itsasertz basak ibiliaz, ahaltsuek zeruak bereganatzeko egarriz marraztu zituzten mugetan barrena.

Duela 90 urte, geure etxean ukatu zizkiguten mendixka malkartsuak gainditu genituen utopiaren bila. Orain, itsas olatuek gure anaia-arrebak irensten uzten ditugu, uharte duin bat bera ere ez diegu eskaintzen. Behar-beharrezko dituzten gure lurraldeekin amets egiten dute ur-ertz urrunetan.

Itsasoari ateak eta haizeari kaiolak jarri nahiko lizkieketen izaki gutiziatsuak ez dira diruz asetzen. Txiroa uxatzen dute eta disidentea jazartzen, euren kontrol eta miseriatik ihes egin nahi dutenak exiliora behartuz. Hala eta guztiz ere, hondartzak eta mendiak hor daude, nahiz eta egiari zor, horiei ere bizia zurrupatzen ari gatzaizkie. Marrazoak, hartzak eta hienak oldartu ahal daitezen sortu ditugun basapiztien aurka, erakuts biezatela ezin dela lurra ebats, lurra ez baita inorena guztiona baizik.       
Aire aratz arnastu beharra daukagu, baina are hauts gehiago altxatzen segitzen dute, den-dena asfaltatzeko behar duten zimentuaren hautsa, ukitzen duten guztia bihurtzen baitute errautsa. Segi dezagun itxaropentsu. Euren pozoia ez da arrakala guztietatik sartu, arbolak erretzen dituen suak bihotz asko irrikaz biziarazten ditu oraindik ere.

Egunak laburtuz doaz, udazkeneko ekinoziorantza goaz, eta ordu bakoitza norabidea aldatzeko instante bat da: gu erreskatatu gaitzatela eta haiek itsasoan lurperatu daitezela. Ziur aski oraindik ere haiek dituzte erlojuak, ez diezaiogu denbora gehiago lapur diezaguten aukerarik eman.