argia.eus
INPRIMATU
Altzairuzko oihala eta gerriko berdea
  • Europa 1989ko uda. Altzairuzko Oihala, kontinentea goitik behera zeharkatzen zuen milaka kilometroko hesia, Varsoviako Itunpeko ekialdea eta NATOren eraginpeko mendebaldea zatitzen zituen muga, urratzen hasi zen.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2019ko irailaren 18a
Altzairuzko oihalaren zati bat orduko Txekoslovakia eta Austriaren artean (arg: Worldatlas.com)
Altzairuzko oihalaren zati bat orduko Txekoslovakia eta Austriaren artean (arg: Worldatlas.com)

Abuztuaren 19an Gyula Horn hungariar oposizioko kideak, austriar gobernuaren babesarekin, “piknik paneuroparra” antolatu zuen Austria eta Hungariaren arteko mugan. Milaka pertsonek zeharkatu zuten muga egun hartan eta, jendetza ikusita, Hungariako armadak esku hartzea arriskutsua zela erabaki zuen. Biharamunean berriro itxi zuten muga. Baina irailaren 11n behin betiko irekiko zuten bi herrialdeen arteko muga zatia. Eta azaroan, Berlingo Harresia bota zutenean, gertatu zen sinbolikoki Altzairuzko Oihalaren amaiera. Polonia izan zen gobernu sozialista kentzen lehena. Besteak atzetik etorri ziren.

Lau hamarkadatan hesia oztopo izan zen gizakientzat. Beste espezie askorentzat, ordea, askatasun eremua izan zen. Heriotzarekin lotu ohi da bi blokeen arteko muga –Berlingo zatian “soilik” 125-200 pertsona  hil zituzten tiroz harresia zeharkatzeko ahaleginean–, baina lur-zerrenda luzean bizitzak eztanda egin zuen. Nekazaritza, eraikuntza edo bestelako giza jarduerarik gabe, tokian tokiko ohiko landare eta animalia espezieak asko ugaldu ziren alanbre arantzadunen eta zaintza dorreen inguruan. Eta lehenago oso urriak ziren 600 espezie inguruk ere eremua hartu zuten: igarabak, zikoina beltzak, perla muskuiluak, Arvalis igelak, pitxartxar nabarrak, artzandobiak, Paphiopedilum orkideak… geroz eta maizago agertzen hasi ziren, gizakientzat debekatuta zegoen paradisu berde estuan.

70eko hamarkadan, lehen sateliteko irudietan Finlandia eta SESBen arteko muga militarizatua baso mardulek estaltzen zutela ikusten zuten. Eta Alemania zatitzen zuen mugan ikerketa ornitologikoa egin zuten: biodibertsitatea oso handia zela ondorioztatu zuten. Oihala erori ondoren, pixkanaka eremua babesteko ekimen puntualak martxan jartzen hasi ziren han eta hemen.

Altzairuzko Oihal ohia 12.500 km luze da eta 24 estatu eta 8 eskualde biogeografiko zeharkatzen ditu Laponiatik Balkanetaraino. Duela 15 bat urte Europako Gerriko Berdea ekimena sortu zen, geroago, EuroVelo13 izenekoa eta beste batzuk. Guztiek eremu naturala babestea dute helburu, baina gizakiek ere probetxua ateratzeko moduan –bizikletentzako ibilbideak egokituz, adibidez–. Ikusteko dago bi helburuak bateragarriak diren ala ezusteko altxorra  benetan babesten jarraitzeko modu bakarra debekua eta alanbre arantzaduna diren.