argia.eus
INPRIMATU
G7eta borroka moldeak; aukera porrot bihurtua?
  • Aje luzea utzi du euskal herrigintzan G7aren kontra-gailurrak. Borroka bidaideen arteko bai, –bidaide diot – tentsio, eztabaida, haserre eta ezinen biharamuna da. Desobedientziaren aldeko diskurtsoa ia lurzoru komun bilakatu da. Praktikara jotzean, ordea, ustezko batasunen atzeko desadostasunak agertzen dira.

Z. Oleaga @zoleaga1 2019ko irailaren 10a
Bizi!-k G7aren egunetan ekimen desobedientea egin zuen. (Argazkia: Dani Blanco)
Bizi!-k G7aren egunetan ekimen desobedientea egin zuen. (Argazkia: Dani Blanco)

Bada desobedientzia eta edozein jendarte tentsio aurreragorako utzi nahi duenik, Hegemonia irabazi ondorenerako. Desobedientzia, ordea, gaurdanik hegemoniak eraikitzeko lanabesa ere bada. Gatazkak eta praktika desobedienteak piztu nahiko genituzkeenen artean garatu da esperientzia interesgarririk, baina desobedientzia ADNan daraman borroka herrikoi jarraitu eta jendetsu batetik urrun gaude. Seduzituko duten proposamenak behar ditugu, baina, nagusiki, arriskatzeko erabakimena falta dugu: askatasuna, gorputza eta batez ere poltsikoa arriskatzekoa; hanka sartzeko arriskua hartzekoa ere bai.  

G7 EZ plataforman ekintza desobediente bat adostu zen igande eguerdirako. Egunez egun aldatu ostean, azkenik igande goizean bertan suspenditu zen herri harresiaren deialdia. Plataformatik kanpoko zein barneko hainbat pertsonak etsipenez edo haserrez hartu zuen erabakia.

Bi argudio eman ziren. Bata, ezin zela manifestarien “integritate fisikoa” bermatu. Harresien oinarrietako bat, ordea, gorputzak arriskuan jartzeko prestutasuna da. Bestea, plataformako kide Joseba Alvarez  aurreko gauean atxilotu izana. Pertsona bakarraren esku zegoen ekintza? Atxilo zegoela bere izena erabili, jakinik berak ez zukeela suspendituko? Ez du ematen ekintza hori egiteko nahiko erabakimen eta kontsentsu zegoenik.

Munduko kriminalik handienetakoak Euskal Herrira etorri dira haien agenda egun argitan eztabaidatzeko, 20.000 poliziak babestuta eta eskubideak de facto ezabatuz. Normaltasun demokratikoan igaro da gailurra, eta kontra-gailurraren agendatik protestarako eskubiderik gabe utzi gaituzten horiekin adostutako ekimenak soilik egin dira. Egindakoei balorerik kentzeko asmorik gabe diot.

Borroka moldeetan zenbait korapilo askatu eta ekarpenak egiteko aukera ederra galdu dugu. Aprobetxa dezagun porrota, gailurraren ondoren azaleratu diren eztabaidak modu kolektibo interesgarrian egiteko. Desobedientziaz eta borroka moldeez, oro har. Eztabaida konplikatua zaigu hori, deserosoa, zauriak sortuko lituzkeena ziurrenik. Baina heltzen ez diogun bitartean borroka sozialerako egoera konplikatzen ari zaigu, dagoeneko deserosotasun handiak daude gure artean, eta zauriak sortzen ari dira. Bai, bidaideen artean.