Aurten bosgarren urtez joan naiz Caucara, beste kide batzuekin batera Nasa herriko indigenei hizkuntza biziberritzen laguntzera. Euskal Herrira bueltan, sarritan galdetzen digute ea geuk ere ikasten ote dugun haiengandik. Neuri ez zait erraza egiten adieraztea zer den ikasteko dugun hori, baina hiru adibide eman nahi nituzke.
Nasek lurra, kosmobisioa eta hizkuntza indartzea dute helburu. Hiru elementu horietan oinarritzen dute herriaren biziraupena, eta argi dute hirurak lotuta daudela.
Lurrak kolonoek kendu zizkieten eta gaur egun latifundista handiek esplotatzen dituzte. Azukre-kainabera da monokultibo indartsuena eta lau latifundistaren esku daude. Ikaragarri lurralde zabala hartzen dute. Azken urteetan plantazio ilegalek ere nasen landaketa tradizionalak atzera-bidean jarri dituzte. Narkoek eta kokaina eta marihuanaz finantzatzen diren hainbat talde armatuk baldintzatzen dute lurraren erabilera. Landaketa horiek uzteko erabakia hartua dute indigenek, baina armadunak indarrez dabiltza erabaki horiek galarazi nahian. Horretaz ari ginela, Zapataren esaldi famatua bota nion bertako kide bati: “La tierra para el que se la trabaja”. Ezetz lagunak. “Amalurra beregaina da, eta erabiltzeko eskubidea ez da lantzen dutenena, progreek esaten duten bezala, komunitatearena baizik”.
"Zapataren esaldi famatua bota nion: “La tierra para el que se la trabaja”. Ezetz lagunak: “Amalurra beregaina da, eta erabiltzeko eskubidea ez da lantzen dutenena, progreek esaten duten bezala, komunitatearena baizik”
Kosmobisioak bizitzaren alderdi espiritualari eragiten dio bereziki. Gurean alderdi hori zelan landu dugun galdatzen digute sarri. Geuk, apur bat lotsatuta, Euskal Herrian esparru hori kristautasunak hartu duela erantzun behar. Baina askotan ez gara konturatzen zenbat eragiten digun ikuspegi horrek. Aurten, eskola batean umeei familia pintatzeko eskatu genien. Ume batek arbolak, irudiak eta errekak marraztu zituen. Harrituta, hitz goxoz, oso ondo zegoela baina familia bera pintatzeko eskatu nion. Berak honela erantzun zidan: ”Hauxe da nire familia, baina zuk oraindik ez duzu ulertzen”.
Hizkuntzaren alderdia da gure indargunea. Euskararen normalizazio bidean egindakoa baliatzen dugu eurei eskaini eta nahi dutena har dezaten. Gaur egun umeen zein helduen eskolak sortzen ari dira euren beharrizanak kontuan hartuta, eta sakon ari dira aztertzen zer den benetan behar dutena, zein egoera duten eta non dituzten gabeziak. Helduek hizkuntza eskuratu nahi dute kalean aritu eta hizkuntzari esparru berriak zabaltzen laguntzeko. Horretarako ezinbestekoa dute metodologia egokiarekin asmatzea eta horretan ari gara. Baina gure ekarpena oso lagungarria bazaie ere, asko eskertzen badigute ere, gure ajeak ere agerian geratzen dira, eta aurrekoan Nasa lagunak argi esan zidan: “Helduen eskolak ez ditugu nahi ikasleek azterketak gainditzeko, Nasa moduan bizitzeko baizik”.