argia.eus
INPRIMATU
Neolitoko uharte artifizialak
  • Hebrida uharteak (Eskozia), duela 5.600 urte. Loch Arnish, Loch Bhorgastail, Loch Langabhat eta beste hainbat aintziretan, gizakiek irlatxo artifizialak eraiki zituzten, ahalegin izugarria eginez. Loch Bhorgastaileko uharte artifizialera iristeko harbide bat ere egin zuten.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2019ko irailaren 04a
Hebridetako Loch Bhorgastaileko uharte artifiziala Neolitoan eraiki zutela jakinarazi da berriki. Irla eraikitzeaz gain, harrizko bide bat ere egin zuten bertara iristeko. (Arg.: D. Garrow / f. sturt / Antiquity)

Irla hauei “crannog” esaten zaie; hitz gaelikoaren etimologia ez dago garbi, baina egurrari lotuta dago, adituen arabera. Aspalditik jakina zen crannogak ez direla uharte naturalak, gizakiak eraikitako egiturak direla. Baina orain arte uste zuten XVIII. mendera arte erabili ziren irla horiek K.a. 800 urte inguruan hasi zirela eraikitzen, Burdin Aroan, alegia. 2016an Readingeko unibertsitateko Duncan Garrow eta Southamptoneko unibertsitateko Fraser Sturt arkeologoek irla artifizial horiek xeheago aztertzea erabaki zuten, atarian aipatutako hiru lakuetatik hasita. Emaitzak duela aste batzuk eman dituzte argitara Antiquity aldizkarian: Karbono-14 bidez egindako datazioen arabera, egitura horiek K.a. 3640 eta 3360 urteen artean eraiki zituzten, pentsatu baino askoz lehenago.

Emaitza horiek %95 inguruko fidagarritasuna dute. Irletan eta inguruan aztertutako beste hainbat laginek ere datazioak baieztatzen dituzte. Baina arkeologoek ez dute egitura neolitikorik aurkitu crannogetan eta indusketa gehiago egin beharko direla diote.
Hala ere, crannogen jatorri neolitikoaren frogak lehentxeago azaleratu ziren, 2012an, milaka urtetan urpean egon eta gero. Urte hartan, Chris Murray urpekariak Neolito Aroko oso ondo kontserbatutako zeramikazko piezak aurkitu zituen irlatxoen inguruan. Aurkitutako pieza kopuruak –22.000 zati aurkitu dituzte orain arte– eta ondo kontserbatutako zati handiek adierazten dute zeramikazko ontziak propio bota zituztela uretara, helburu erritualengatik ziurrenik.

Zalantzarik ez dago gizaki haientzat garrantzi handia zeukatela, ahalegin izugarria egin baitzuten 10 eta 30 metro bitarteko irlak pixkanaka eraikitzeko, Arkeologoek uste dute trantsizio erritualak (bizitza eta heriotzaren artekoak, haurtzaroaren eta helduaroaren artekoak…) egiteko erabiltzen zituztela. Baina oraindik goiz omen da hipotesiak baieztatzeko, garai bereko halako jardueren berri gutxi baitago; Stonehenge bera crannogak baino mila urte inguru berriagoa da.

Gainera, litekeena da datazio zaharragoak ere lortzea, orain arte Eskoziako crannogen %10 besterik ez baitituzte datatu. Guztira, Neolitoko gizakiek 570 crannog eraiki zituzten egungo Eskozian, eta beste ehunka batzuk Irlandan, Dubaiko uharte artifizial “berritzaileak” baino milaka urte lehenago.