Uztailaren 19an Donostiako Kafe Botanika jatetxean aurkeztu zuten Sareko: baserritik sukaldera, harreman sarea proiektua. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK) eta Gipuzkoako Biolur Elkarteak bultzatu dute egitasmoa, eta lurraldeko ostalari nahiz kontsumo taldeei bertako ekoizle ekologikoen eskaintza bateratua egitea du helburu. “Era ekologikoan lan egiten duten Gipuzkoako ekoizleak eta ostalaritza sektorea kontaktuan jartzeko lan egiten duen egitasmoa da Sareko”, diote zabaldutako prentsa oharrean.
Ekoizpen ekologikoan diharduten hamabi ekoizlek, Donostialdeko hogei jatetxek eta bi kontsumo taldek osatzen dute Sareko oraingoz. Donostian 2017an jarri zuten proiektu pilotua martxan, ekoizleak eta hurbileko ostalaritza koordinatzeko. “Bi sektoreak harremanetan jartzen dituzten unitate logistikoak jarri nahi ditugu martxan. Eskaintza bateratua eta era kolektiboan antolatutako administrazioa eta banaketa sistemak probatu, erlazioa errazteko”, diote sareko.eus webgunean. Hasieran jatetxeek soilik parte hartzen bazuten ere, oraintsu kontsumo taldeekin ere hasi dira lanean, asteroko saskietan Sarekon dauden ekoizleen produktuak gehitzeko aukera eskainiz.
Bidezko salneurriak errespetatzen dituen eta merkaturatze bide laburrak uztartzen dituen komertzializaziorako tresna eskaintzen die ekoizleei Sarekok, eta ostalari eta kontsumo taldeei, berriz, ingurumena errespetatzen duten 0 Km elikagaiak, inongo agrotoxikorik erabili gabe ekoitziak. Proiektu pilotua Gipuzkoan jarri dute martxan, baina gainontzeko lurraldeetara zabaltzeko asmoa dute bultzatzaileek.
Osasunarekin ezezik ingurumenarekin ere konpromisoa duten jatetxeak dira egitasmora batzen joan direnak. Beraien sukaldeetan produktu ekologikoak, bertakoak eta sasoikoak erabiltzen dituzte. Eskaintza zabala egiten die Sarekok: barazkiak, ogia, esnekiak, arrautzak, arkumea, txahala, sagardoa, zukuak, txakolina, kontsebak, marmeladak, eztia… Ostalariei lana errazten die egitasmoak produktu horiek guztiak modu bateratuan eskainiz.
“Katalogo bakar bat kudeatzeak komertzializazio eta logistika lana errazten dio ekoizleari eta ostalariari. Hau guztia lortzeko Sarekok lan tresna erabilerrazak eta gardenak eraiki ditu prozesuan parte hartzen duten eragile guztientzat. Tresnetako bat interneteko plataforma da, bertan ekoizleek momentuan duten eskaintza igotzen dute eta horrela jatetxe edo kontsumo taldeetako kontsumitzaileek eskaerak egin ahal dituzte”.