Uda giroa, kontzertuak, film laburrak eta Gasteizko Artium museoko terraza handia dira Korterraza jaialdiaren sinonimoak. Eskaintza berezi bezain erakargarri honetako hamargarren edizioan komedia, drama zein suspensezko film laburrak ikusteko aukera izan da. Euskarazko Hotzean Garbitu eta Azken Otsoa bi film laburren parte-hartzea izan da urte honetako berritasunetako bat.
Hainbat eskaintza kulturalen arteko uztartze ahaleginean Anaut banda madrildarra nabarmendu da aurten. Abeslari eta gitarra-jotzaileak ematen dio taldeari izena, hari bateriaren erritmoek laguntzen diote, eta taldean ezinbestekoa den teklatu eta baxu-jotzaileak osatzen dute banda honen formatu txikia den hirukotea.
Jatorria soulean izan arren, amerikana, rock, folk eta R&B musika estiloen eragina nabaria da haien azkenengo diskoan. Museoko atzealdeko terrazako oholtzara igo eta argitaratu berri duten Hello There albuma jotzen hasi bezain laster, ikusleen txaloek erritmoa jarraitu dute. Koktel musikatu honetan dantzatzeko grina sumatzen da giroan.
Musika tresnek duten garrantzia ikusi eta entzun daiteke abesti gehienek dituzten minutu instrumentaletan, Alberto Anauten ahotsa agertzen den arte. Abestien aniztasun erritmikoek hainbat aldaketa barneratzen dituzte eta taldearen alderdi rockeroena ateratzen denean, hezurdura geldi mantentzea ezinezkoa bihurtzen da.
Gasteizko Hell Dorado kultur elkarteak antolatutako kontzertuetara maiztasunez gerturatzen den jendea sumatzen da, haien dantzarako joera eta musikaz gozatzeko gogoa. Gasteiztartutako taldearen kontzertuak aurrera egiten duen heinean, publikoa gero eta zoroago dago. Burua eta aldakak alde batetik bestera mugitzea kutsatu egiten da ikusleen artean garagardo freskoen laguntzarekin batera.
Ilargiaren agerpenarekin batera, Artiumeko horma zuri eta handiaren parean dauden eserlekuak betetzen doaz. Proiektore handi batetik isuriko diren film labur zaleek haien tokia hartu dute. Gaua gainean da eta iluntasunak lagunduta ekin diote Korterrazako bigarren eguneko emanaldiari. Orain isiltasuna da nagusi itsasorik gabeko udako gau honetan.
Noiz: uztailak 11-13
Non: Korterraza jaialdia, Gasteiz