Doktrinamendu inperiala marrazki bizidunetan

  • Elcano, lehen mundu-bira marrazki bizidunetako filma iritsi da pantaila handietara, lehen mundu-biraren bosgarren mendeurreneko ospakizunen harira. Filma Joan Sebastian Elkanoren hagiografia hutsa da, eta inperialismoaren gorazarre erabatekoa egiten du. Kolonialismoaren zuriketa nabarmen hori bat dator Espainiako Estatuan bizi dugun inperiofilia-aroarekin. Ez da harritzekoa filmak Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioaren finantzazioa edukitzea eta RTVEren parte-hartzea. Harrigarriagoa da, ordea, filma euskaraz filmatuta egotea eta EITBk parte hartu izatea, baina agerikoa denez, mendebaldar nagusitasunaren sinesmena guztiz hedatuta dago.

Mundua Txurientzat

Filmak Magallaesen espedizioa aurkezten digu, baina espainiar onen eta portugaldar gaiztoen antagonismoa ardatz hartuta, soil-soilik. Portugaldarren gaiztakeria aitzakiatzat hartzen da espainiarrak historiako on gisa justifikatzeko filmeko bilbean. Espainiarrak eta portugaldarrak espezieen bidea kontrolatzeko borrokatzen zirela naturalizatu egiten da, bi potentzion grina hegemonikoa inondik ere auzitan jarri gabe. Espedizioan joandakoek bidean aurkitutako gizarteak infantilizatu eta gutxietsi egiten dituzte etengabe, eta “basati” inozo gisa aurkezten dizkigute. Gidoia Pigafettaren –espedizio hartako kronista ofiziala– testuetan oinarrituta dago, berez, eta ontzat ematen ditu haren arrazoibideak. Ángel Alonso zuzendariak egin duen gauza bakarra zera izan da: Pigafettaren diskurtso inperialista hartu, pixka bat leundu, garai berrietara egokitu eta marrazki bizidunetara eraman.

“Indigenekiko” maitasuna

Espainiar espedizioa espezieen uharteraino gidatu zuen Moluketako neska baten eta Elkanoren arteko ustezko amodio-istorioa dugu filmaren gai nagusienetako bat. Istorio horren bidez, protagonista humanizatu egiten dute eta maitasuna herrien arteko oztopoak gainditzeko modua dela sinestarazi nahi zaigu. Istorioa asmakeria hutsa da, ordea. Izan zen erlaziorik espedizioko kideen eta beste gizarte batzuetako emakumeen artean, bai, baina erakusten zaigunaz guztiz bestelakoa. Magallaes hil ondoren espedizioko komandantea izan zen Juan López de Carvalhoren istorioa, adibidez, ederki dokumentatuta dago, baina filmean ez da haren berri ematen, jakina. Magallaesekin itsasoratu aurretik Brasilen izan zen Carvalho: han harremana izan zuen indiar batekin eta seme bat izan zuen harekin. Egungo Rio de Janeirotik gertu dagoen Santa Luzia badiaren ondotik igarotzean, bien bila joan zen eta espedizioan eraman zituen. Arazoa Bruneira iristean hasi zen. Carvalhok bertako hiru emakume bahitu zituen (oso ohitura arrunta espedizio haietan, Pigafettak azaldu bai, baina filmak ezkutatzen duen arren). Bahiketa hura mendekatzeko, Borneoko jendea lehorrean zeuden espedizioko kide batzuk bahitu zituzten, tartean Carvalhoren semea eta maitalea. Carvalho ez zen haietaz arduratu: Bruneiko hiru emakumeak ohelagun gisa saldu eta bere bidaiarekin jarraitu zuen, bahituak bertakoen esku utzita.

Esklaborik ez

Filmak goitik behera desitxuratzen ditu mendebaldarren eta beste gizarteen arteko erlazioak eta ezkutatu egiten du esklaboak zeuzkatela. Moluketako “Enrike leiala”, adibidez, Magallaesen konfiantzazko gizon gisa aurkezten zaigu. Leialtasun eta mirabekeria ikaragarriko Enrike hura, “Malakako Enrike” edo “Enrike beltza” gisa ezagutzen zena, existitu egin zen eta bera izan zen lehen mundu-bira egin zuen pertsona, baina Enrike esklaboa zen: Magallaesek erosi zuen Moluketara egin zuen aurreko espedizio batean, eta berekin eraman zuen munduari bira ematera, interprete gisa erabiltzeko. Ez zen Magallaesen konfiantzazko gizona izan eta, gainera, ez zion askatasuna eman. Bera hiltzean aske utziko zuela agindu zion, besterik ez (librea izan balitz, seguruenera ez zen inoiz ontziratuko). Magallaes hil eta gero, ordea, espedizioko gainerako kideek ez zioten agindutako askatasuna eman nahi izan Enrikeri eta honek espainiarren kontra konspiratzen bukatu zuen, antza denez. Filmean ikusten ez dugun beste gauza bat da espedizioak bidean aurkitzen zituen gizarteetako jendea bahitzen zuela batzuetan. Pigafettak Patagoniako pertsona baten bahiketaren berri ematen digu: ontziratu eta egun batzuetara hil omen zen, “baina ez, Pablo izenarekin bataiatu aurretik”, Pigafettak errukiz eransten duenez.

Mairuen aurka

Espedizioko kideek aurkitzen zituzten gizarteen aurkako mespretxua erakusten zuten etengabe. Guamera iritsi zirenean, “Lapurren uharteak” izena jarri zieten Marianei, bertakoen elkarrekikotasun-sistema ulertu ezinik. Oso argi zeukaten “basatiak” kristautzeko beharra (filmean erakusten ez bada ere), beren erlijioa besteen gainetik zegoela uste baitzuten, eta berena zela egiazko jainko bakarra. Izan ere, Mactan uharteko gudua –Magallaes bertan hil zen– almirantea bertakoak kristautzeko zeukan nahiaren ondorioz piztu zen, berez. Gogoan izan behar dugu espainiarrek ezinikusi handia zietela musulman guztiei, Islamek espezieen lurreko bidean zeukan kontrola saihestea baitzen haien helburua, kontrol horrek izugarri garestitzen baitzituen espezieak. Horrek Asiako populazio musulmanen aurkako oso jarrera gogorra piztu zuen espediziokideen artean.

Itsasoko zaldun haiek

Filmaren lehen zatian onartu egiten dira marinelen artean zeuden tirabirak, haietako asko beren nagusia utzi nahi izaten baitzuten askotan, ez arrazoirik gabe: espedizioan joandako 239 lagunetatik 35 baino ez ziren itzuli etxera. Baina Elcano, lehen mundu-bira-n haien arteko adeitasuna da nagusi. Juan de Cartagenaren matxinada aipatzen da filmean baina ez, aldiz, altxamenduak porrot egin eta Magallaes mendekoei gailendu zitzaienean, honek berrogei pertsona hil zituela eta haien gorpuak zintzilik eduki zituztela zenbait astetan. Ildo berean, matxinoetako baten erbesteratzea erruki-ekintza gisa azaltzera iristen da filma: Patagonian abandonatu zuten, bizirik ateratzeko batere aukerarik gabe. Espedizioko buru militarrek modu tiranikoan jokatu zuten, egia, baina Magallaesen eta Elkanoren aurka zeuden marinelen arteko laguntasuna ere ez zen handiegia. Pazifikoko uharteetan, marinel batzuk matxinatu eta matxinadarekin bat egin ez zuten kideak esklabo gisa saldu zituzten. Espedizioko kideen gose ikaragarria erakusten digu filmak, baina ezkutatu egiten dizkigu gizon haien miseria moralak. Antonio Salomón izeneko ofiziala Antonio Ginovés marinel gaztea sodomizatzen harrapatu, eta urkatuta hil zuten. Ginovés abusu baten biktimatzat hartu zuten eta ez zioten zigorrik jarri, baina hainbesteraino estigmatizatu zuten, bere buruaz beste egin baitzuen uretara jauzi eginez. Marrazki bizidunetan ez dugu Ginovésen aipu txikirik ere aurkituko.

Gurutzaontzi bat?

Filmaren arabera, lehen mundu-bira abenturako kirolen txapelketa guztiz arrakastatsu nahiz izugarri gogor baten tankerako zerbait izan zen. Ekonomikoki, espedizioa arrakasta izugarria izan zen, itzultzea lortu zuen bost ontzietako bakarraren kargamentuarekin bost ontzien gastuak berdindu baitziren. Maila politikoan, berriz, inpaktua apalagoa izan zen: Espainiako Estatuak ez zuen espezieen bidearen kontrola lortu inoiz. Indietatik Asiarako itsasbidea, Ameriketan barrena, oso gutxi erabili zuten, baina hari esker Marianak eta Filipinak uharteak konkistatu zituen Espainiak. Filmean, baina, dena da triunfalismoa.

Espiritu inperialaren heziketa

Elcano, lehen mundu-bira-k zaplazteko latza ematen die, ordu eta erdiko entretenimenduaren bidez, azken hamarkadetan esplorazioak eta fenomeno koloniala modu serio eta sistematikoan ikertu dituzten historialari eta irakasleei. Espainiar mito nazionalistak eta mendebaldar supremazismoa guztiz bereganatzen ditu filmak, europarren eta beste gizarteen arteko erlazioen gaineko sakoneko gogoeta oro baztertzen dituelarik. Gidoiaren oinarritzat hartu omen duten Pigafettaren beraren Relazioni in torno al primo viaggio di circumnavigazione [Lehen mundu-birari buruzkoak] liburuan aipatzen diren Magallaes-Elkanoren espedizioaren alderdirik ilunenak berak ere alde batera utzi dituzte. Lehenik eta behin, alboratu egin dituzte espedizio haietan parte hartu zuten mendebaldar arrunten esperientziak (Harry Kelsey-k The first Circumnavigators. Unsung Heroes of the Age of Discovery [Munduari bira eman zioten lehenak. Deskubrimenduen aroko heroi ezezagunak] kronikan maisuki azalduak). Baina, larriena dena da filmak gutxietsi egiten duela beste herri batzuen existentzia eta alde batera uzten duela europarren presentziak Ameriketako eta Pazifikoko herrialdeetan izandako eragin gogorra (Marshall Sahlinsen Islands of History [Historiako uharteak] bezalako liburuetan bikain aztertua). Laburbilduz, umeen artean inperialismoaren dohainak saltzera bideratutako filma dugu Elcano, lehen mundu-bira.

Erreportaje hau Elnacional.cat gunean Gustau Nerínek argitaratu zuen, euskaratuta ekarri dugu ARGIAra egilearen baimenarekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elkanoren mundu bira
“Euskal Herri dekoloniala” aldarrikatuko dute Gasteizen, Elkanoren mundu biraren urteurrenean

Asteazkenean mobilizazioa egingo dute bigarren urtez jarraian, "ipar global eta zuriaren menderatze historikoa" salatzeko.


‘Sin Límites’ edo nola errepikatu lehen mundu birari buruzko narratiba konbentzionalak

Irailaren 6an Victoria ontzia Sanlucar de Barramedara iritsi zeneko V. mendeurrena ospatu zuten, bost mende lehenago portu hartatik abiatu eta hiru urte geroago lehen mundu bira osatu izana gogoan. Horrelako oroipen ospakizunetan ohikoa denez, urteotan zeharkaldia gogoratzeko... [+]


2022-09-06 | ARGIA
“Euskal Herri dekolonialaren alde egin nahi dugu lan”

Eusko Jaurlaritzak irailaren 6a jai-eguntzat izendatu du Euskal Autonomia Erkidegoan, Juan Sebastian Elkanok munduari emandako bira ospatzeko. Gasteizko herri ekimenak elkarretaratzea egin du General Loma enparantzan. Adierazi duenez, "aurrera eraman nahi dugun mobilizazio... [+]


2022-09-05 | Axier Lopez
Getariako eta Filipinetako lehorreratzeak, nork zer omentzeko?

Asteartean Elkanoren Lehorreratzea herri antzerki berezia egingo dute Getarian. Eusko Jaurlaritzak ezarritako jai egunarekin bat eta Elkano Cadizko Sanlúcar de Barramedara heldu zela 500 urte bete direla eta. Halere, ez da mundu bira horrek eragindako lehorreratze... [+]


2022-08-29 | ARGIA
‘Gure heroiak. Elkanoren eta Euskal Herriko kolonialisten historia bat’ liburuaren lehen aurkezpena ostegunean Getarian

Euskal Herriko kaleetan kolonialismoarekin eta esklabotzarekin lotura duten pertsonaien presentzia aztertu du ARGIAko kazetari Axier Lopezek Gure heroiak liburuan, nazioartean sinbolo horien inguruan dagoen eztabaida Euskal Herriratzearen garrantziak mugituta. Liburua ARGIAren... [+]


2022-07-23 | Nekane Txapartegi
Nor garen eta zer izan nahi dugun...

Eguneroko ariketa inkontzientea gai bilakatu da Euskal Herriko egonaldian. Ez daramazkit egun asko eta jada arnasa estutu zait behin baino gehiagotan... Begirale moduan nabil ene herria bilatu eta berrezagutu nahian. Lehen ez ote nituen gauzak ikusi nahi edo atzerapauso galanta... [+]


Jaurlaritzak 15.000 euroko diru-laguntza zuzena eman dio Elkano Fundazioari kongresu bat antolatzeko

Eusko Jaurlaritzak uztailaren 5ean egindako Gobernu Bileran erabaki zuen Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren bitartez 15.000 euroko diru-laguntza ematea Elkano Fundazioari.


2022-07-14 | Peru Iparragirre
Axier Lopez
“Dekolonialitateari buruzko eztabaida pil-pilean dagoenean gure zilborrari begirako diskurtsoak gailendu dira hemen”

Gure heroiak liburua idatzi du Lopezek Elkanoren mundu biraren bosgarren mendeurrenaren aitzakian, eta ARGIAk argitaratuko du, irailean. Euskal Herriko kaleetan kolonialismoarekin eta esklabotzarekin lotura duten pertsonaiek duten presentzia aztertu du, nazioartean sinbolo... [+]


Eguneraketa berriak daude