Mainz (Alemania), 1455. Johannes Gutenbergek Biblia inprimatu zuen, berak asmatutako tipo mugikorreko inprenta erabiliz. Horixe da izenburuko galderaren erantzun ohikoena.
Europako hainbat herrialdetan, ordea, herrikide batek asmatu zuela aldarrikatzen dute: Estrasburgon Johannes Mentelinek, Italian Panfilo Castaldik eta Herbeheretan Laurens Costerrek. Eta, hala ere, Txinan, XI. menderako, abian ziren tipo mugikorrak erabiltzen zituzten inprentak.
Bi Sheng Txinan jaio zen 990. urtean, eta tipo mugikorren asmatzailetzat jotzen da. Hasieran, orrialde osoak egurretan zizelkatuta inprimitzen zituen testuak. Hori ez zen berria; antzeko teknikak erabili izan ziren, esaterako, Antzinako Erroman. Baina hurrengo pausoa, letrak banan-banan egitea izan zen, eta letrak mugituta edozein testu osatzea. Egurraren ordez zeramika ere erabili zuen Bi Shengek.
Korean, XIV. mendean, mongoliarrek Jikji testu sakratu budistaren kopia bakarra erre zuten. Orduan, Goryeo dinastiako Choe Yun-ui ministroari Bi Shengen asmakizunaz baliatzea bururatu zitzaion. Asmakizun txinatarrari txanponak egiteko erabiltzen zuten teknika erantsita, metalezko tipo mugikorrak asmatu zituen eta, hala, 1377an Jikjia nahi beste aldiz kopiatu zuen inprenta berrian.
Gutenbergek liburuak inprimatzeko eta, hala, ezagutza zabaltzeko egindako ekarpena ezin da zalantzan jarri, baina berak ez zuen inprenta asmatu eta Biblia ez da inprimatutako libururik zaharrena, zenbaiti hori onartzea kostatu arren. Unescok 2001ean aitortu zuen 1377ko Jikji korearra dela gordetzen den liburu inprimaturik zaharrena.