argia.eus
INPRIMATU
Humanitatearen une gorenak
Uda bat
  • Frantzia aldean bada, nola esan, gertakizun bat, aurretik dena irratsaio, hartzeko gero liburu forma. Un été avec izena du, orokorki, eta urtero eskaintzen diote pertsonalitate bati (orain arteko guztiak izan dira gizonezko, puntu negatiboa).

Aritz Galarraga 2019ko abuztuaren 28a

Espainia aldean garai batean uda Ana Obregonen hondartzako irudiekin hasten zen bezala, nire uda partikularra ez da hasten urteko Un été avec liburua erosten dudan arte. Aurtengo uda pasa dut modu horretan Paul Valéryrekin –“Je hume ici ma future fumée, / Et le ciel chante à l’âme consumée / Le changement des rives en rumeur”–. Momentuz, ordea, nire udarik maiteena jarraitzen du izaten Montaignerekin pasa nuen hura. Besteak beste nire kontzientziari uzten diolako atzeratzen haren saiakera osoen irakurketa.

Bestela, halako gauzengatik ez balitz, uda ez baitut bereziki atsegin. Are uda bukatzeko desiatzen egoten naiz maiz. Ez hainbeste uda urtaro gisa, nork ez du eskertzen eguzki pixka bat azalean, itsasoko brisa pixka bat aurpegian, izozki pixka bat alkandora estreinatu berrian. Baina bai ofiziala, abuztua, norabait joan behar, zerbait egin behar, guapo egon behar horrekin (gertatzen zaigun guztia merezi dugu, eta gehiago). Sakonago jarrita, pentsatu nahi dut hurrengo uda noiz iritsiko den desiatzen hasteko desio dudala uda bukatzea. Gauza jakina baita desioa beti errealitatea baino askoz ere gauza biziagoa dela.

Tarteka sorpresaren bat: hasten duzu uda, gogo handirik gabe, nagi ez gutxirekin, uda bat gehiago balitz bezala. Eta, bizitza zer den, bukatzen duzu lerrootan, Santi Leoné maitearen hutsunea bete nahian (eta noski bete ezinean). Ikasturte bat pasako dugu elkarrekin hartara (nik uste azkenerako kariñoa hartuko diogula elkarri). Ikasturte bat, humanitatearen une gorenekin.