argia.eus
INPRIMATU
G7-aren alternatiba
  • Munduko ekonomiaren ordezkariek, G7ko herrialdeek osaturik, Biarritz inbaditu zuten kostu handiko segurtasun gerriko ikusgarri eta gogaikarri batekin.

Juan Mari Arregi 2019ko abenduaren 10a

Kapitalismoaren eta multinazionalen ordezkariak dira. Zer ote da haientzako 30 milioi euroko faktura bat, Biarritzeko egonaldiagatik? Beraien ondorioekin kapitalismoaren “aurpegi humanoa” erakutsi nahi dute, ezkutatuz egiazko helburua: gobernu guztiak kontrolatzea espolioaren, suntsiketaren eta prekarizazioaren politika mantentzeko, gutxi batzuen mesedetan.

Elkartasun borroketan hainbeste urtetako esperientzia izanik, Euskal Herriak erakutsi du gure kostaldeak izandako inbasio kapitalista honen kontra dagoela. Kontragailurrarekin eta desobedientzia zibilarekin erantzun du. Baina horrez gain, ikusarazi du G7ak inposatu nahi duen gizarte  eredu kapitalista, prekario, militarista, heteropatriarkal, xenofobo, nuklear eta antiekologiko horren alternatiba ere baduela.

Milaka herritarrek argi utzi zuten G7arekiko aurkakotasuna, eta batez ere gizarte berri bat eraikitzeko  borondatea erakutsi zuten, erdigunean pertsonak eta herriak izango dituen politikez osatua: justizia soziala, berdintasuna, solidaritatea, migratzaile ekonomiko eta sozialen integrazioa, feminismo antipatriarkala, benetako ekologismoa, herrien burujabetza… Munduaren suntsiketaren kontra eta dibertsitatearen alde daude; demokrazia erreala, herrien arteko elkartasuna eta mugen abolizioa eskatzen dute.

Kapitalismoaren amarruak eta haren fronte mediatikoak gainditzea ez da erraza izaten, baina orain badakigu posible dela G7aren alternatiba izango den beste gizarte bat eraikitzea.