argia.eus
INPRIMATU
Mendiko suak kaltegarri dira ala ez?
  • Urtero izaten ditugu deiak Euskal Herriko Laborantza Ganbaran mendiko suen inguruan: jendeak nahiko beldurtuta deitzen digu, galdetuz ea nola den posible mendiak sutan egotea, dena beltz uztea…”. Iker Elosegi EHLGko kideak azaldu digu atera berri duten Mendiko suak Ipar Euskal Herrian liburuxkaren atzean zenbait herritarren kezkak zeudela [hemen liburuxka osorik PDFan irakurgai]. Suteek ingurumenean eta bioaniztasunean duten eragina klima mediterraneoko inguruetan soilik zegoen ikertuta, eta laborantza ganbarakoek uste dute ondorioak gurean ez direla berak, klima erabat ezberdina delako.

Garazi Zabaleta 2019ko uztailaren 19a

 

Bioaniztasuna eta erosioa

Mendiko suek bertako bioaniztasuna kaltetzen eta lurraren erosioa eragiten dutela dira erreketen aurkakoen arrazoi nagusietakoak. Mediterraneoko basoetan gertatzen diren sute handiek hori erakutsi badute ere, gure mendietako suek ez dute eragin bera, liburuxkan azaltzen dutenez. “Mendiko suek, neguan egiten direnek, batzuetan urtero eta beste zenbaitetan 2-3 urtetik behin, erregai gutxi dute, azkar pasatzen dira eta ez dituzte tenperatura hain altuak hartzen”, dio elkarteko kideak.

Landarediaren zikloa moztea da mendiko suen helburua: erreketarik ez balego inguru horiek sasitu eta oihandu egingo lirateke eta belardi eta bazkalekuak galdu. “Bioaniztasuna ez da galtzen mendiko suekin. Gakoa da oihanean eta belardian bioaniztasuna ezberdina dela”. Erosioaren aldetik ere, azken bost edo sei mila urteetan egin diren erreketek erakusten dute, haien iritziz, mediterraneoko kliman ez bezala lurraren emankortasuna ez dela galdu gurean. “Ez dago benetako frogarik gure mendietako lurretan higadura gertatzen ari dela erakusten duenik”.

Mendiko suak, sistema oso baten parte

EHLGk gaiaren inguruan hausnarketa eta eztabaida bultzatu nahi izan ditu liburuxkarekin. “Mendiko suak onak dira” eta “mendiko suak txarrak dira” dikotomia sinplista horretatik atera eta egoera bere osotasunean, konplexutasunean eztabaidatu nahi dute. “Mendiko su horiek sistema eta kultura baten parte dira, mendia baliatzeko elementu bat gehiago: ganadua maneiatzea beste elementu bat den bezala”. Kontziente dira, dena den, ganadurik eramaten ez den lekuetan erreketen inguruko eztabaida eman beharra dela. “Zergatik ez utzi leku batzuk berriz oihantzen?”, galdetzen du.

Laborariek behar dituzten inguruetan, baina, suaren gaia ezin da administrazioaren esku utzi elkartearen ustez, gai horren erdigunean egon behar du laborariak. Abeltzaintza bizirik mantentzeko mendiko suen sistema beharrezkoa izanik, galdera, haien ustez, honakoa da: zenbat larre, zenbat laborari nahi ditugu?