argia.eus
INPRIMATU
Zorteko dago EH Bildu Nafarroan
Mikel Basabe Kortabarria 2019ko uztailaren 16a

Lerrook idaztean, Nafarroako lauko berriak akordio programatikoa hitzartu berri du. Berria da laukoa, PSN sartu eta EH Bildu aterako delako. Bi-biak batera etorri dira, gainera: sozialistek betoa jarri diete Bildukoei, haiekin berba ere ez dutela egingo ziurtatu baitute orbe eta, batez ere, urbi.

Sozialistek pentsatuko zuten, seguruenera, bazterketa absurdu horrek kalte egingo ziola ezker abertzaleari. Ez horixe. Kontrakoa: mesede galanta egin die.

Atera kontuak: betoa jarri izan ez baliote, uneotan ezker independentista 155eko alderdi sozialistarekin gobernu-ardurak negoziatzen ariko litzateke. Politika neoliberalak Hego Euskal Herrira ekarri eta inposatu dituen alderdi sozialdemokrata izango zuen lehendakari. EH Bilduren koaliziokide den ERCko buruzagiak preso eta eskubide politiko barik dauzkan alderdi sozialistaren ordezkariekin jardungo luke beharrean. Dispertsioarenarekin. Eta abar.

Gauzak txarto ateraz gero, negoziatu bakarrik ez, akordioa ere adostuko lukete PSNk eta EH Bilduk, eta Maria Chivite izango litzateke Nafarroako presidente, hurrengo lau urteetarako. Egonkortasuna ziurtatze aldera, ezkerreko alderdi biek (itunaren ostean horrela definitu beharko genituzke, ezta?) hainbat adostasun programatiko, zenbait desadostasun tasatu... eta aurrekontuak negoziatzeko eta hitzartzeko konpromisoa sinatuko lituzkete. Imajina dezakezue desastre handiagorik? Marko neoliberala onartuta jardungo luke Nafarroan ezker abertzaleak. Murrizketak ezabatzeko ahaleginean barik, murrizketok gutxitzeko lanean buru-belarri sartuta ariko litzateke lanean, zer eta Espainiako alderdi sozialistarekin! Eta denok dakigu sozialistekin ez dela posible, argi baitago “benetako hiruko bat dagoela, EAJk, PSEk eta PPk osatua; politika neoliberaletan eta murrizketa sozialetan bat etortzeaz gainera, haiek hitzartu” egiten dituztenak. Hiru horiekin, jakina, “ezinezkoa da aurrekontu sozialak izatea gastu-araua oinarritzat hartuta. Ezkerrak marko hau onartuz gero, murrizketen markoa ontzat ematen du, eta negoziatuko duen bakarra izango da zenbateko murrizketa egiten den”.

Ez. Askoz hobeto dago EH Bildu Nafarroan ezer negoziatzeko aukera barik. Horrela ez da markoaren barruan sartuko: egia da murrizketak ez dituela leunduko, baina ez ditu politika neoliberal eta herrien eskubideen kontrakoak babestuko. Aukera osoa izango du, pedagogia egin eta bere proposamenak lasai azaltzeko.
“Jali da garbia, ta ELAk eskaini dio krabelin gorria”.