argia.eus
INPRIMATU
Osasun zentroak udalerri euskaldunetan
Bost langiletik batek ez daki euskaraz
  • 2018ko datuek diote halakorik. Bi urtean behin egiten dute kontaketa, eta datuek hobera egin duten arren, zerbitzua euskaraz ematea bermatzetik urrun dagoela uste dute UEMAko udalerriek. Azken albistea Urola Kostatik iritsi da, hainbat herri euskaldunetarako familia-mediku erdalduna ekarri dutelako. Osakidetzak dio euskal profesionalak falta direla, eta beraz, hezkuntzan eragiten hasteko beharra ikusi dute.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko uztailaren 17a
Argazkia: UEMAk utzia.
Argazkia: UEMAk utzia.

Ez diot ezer ulertu medikuari”. Ez da, ziur asko, kasu bakana izango Haritz Alberdi Getariako alkatearen alabari gertatutakoa. Pediatrarengana joan eta herrian inoiz komunikatzeko arazorik eduki ez arren, osasun-etxean bestelako gertakaria jazotzea harriduraz hartzen da. Herri txiki askotako anbulatorioetan, ulergarria denez, arlo jakin batzuetarako mediku edo langile bakar bat ezartzen dute bai Osakidetzak baita Osasunbideak ere. Ulergarria egiten ez dena, aldiz, Getariako alkatearen iritziz, herri bakoitzaren ezaugarriak aintzat ez hartzea da. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko partaide diren herrietako biztanleen %70ak baino gehiagok daki euskaraz –Getariaren kasuan gehiagok–, eta badira makina bat herritar arazoak izan dituztenak anbulatorioan artatzerako orduan; komunikazio falta edota arrotz sentitu izana. Getariaren kasua Deba, Aramaio, Usurbil, Elgeta, Leitza eta Goizuetaren parekoa da: zenbait herrik medikua partekatzen dute inguruko beste herriekin, eta posible da pertsona horrek hizkuntza eskakizunak ez betetzea –askotan gertatzen da pediatren kasuan–. Hala, Alberdiren alabari gertatu zitzaion bezala, haurra medikuarekin komunikatu ezinik gelditu zen.

Komunikatu bat zabaldu zuen UEMAk uztailaren lehenengo astearen amaieran, Aizarnazabalgo, Zestoako, Zumaiako eta Getariako alkateen sinadurarekin. Urola Kosta eskualdeko lau herri hauetan aurrez aipaturikoa gertatzen da: medikua partekatzen dute herriotan; kasu honetan, familia-medikua. Langileak herritarren hizkuntza eskubideak ez dituela errespetatzen salatu zuten Osakidetzara bidalitako oharrean, eta udako oporraldietan egiten diren ohiko ordezkapen kontratua ez ezik, jarraitzeko aukera berarekin daraman kontratua ezarri diotela adierazi zuten. Alegia, arazoa ez dela oporraldiko kontua izango, uda ondoren ere jarrai dezakeela. Honela zioten oharrean: “Udalerri hauen errealitate linguistikoa kontuan izanda, behar-beharrezkoa da profesional euskaldunak bermatzea”.

“Ez dago profesional euskaldunik”

Datuak argitaratzen dituzten bakoitzean horrela erantzuten die Osakidetzak, hala dio UEMAko Eneritz Albizuk: “Beraiek diote saiatzen direla euskal profesionalak lehenesten, baina ez dituztela behar beste aurkitzen zerbitzua euskaraz ematea bermatzeko”. Horri erantzunez, UEMAk administrazio publikoari egindako eskaera unibertsitatean eta hezkuntzan eragitea izan zen, hizkuntzari behar adina garrantzi ematea; hots, osasungintza euskalduntzeko neurriak errotik hartzea. Eskaeraren parte izan zen osasungintzako ikasketak euskaraz egitea hautatzen duten ikasleei plaza gehiago gordetzea, eta hala edo nola, pasa den ikasturtearen hasiera aldera Euskal Herriko Unibertsitateak esku hartu zuen unibertsitaterako sarbidea erregulatzen: datorren ikasturtetik aurrera plaza kopuru bat gordeko du euskaldunentzat. Baina kopurua ez da plazen erdira ere iristen eta gutxiegi direla dio UEMAk.

Hezkuntzan jarri dute fokua, Osakidetza horren atzean ezkutatzen dela medio. Medikuntza arloko ikasleek urtero salatzen dute euskarazkoei oztopoak jartzen zaizkiela osasunbidea euren hizkuntzan ikasteko. Bukle moduko bat bihur litekeela uste du Albizuk: “Oztopoak ekidin eta ikasketak arazorik gabe burutzearren ikasle euskaldunek gaztelerara jotzen badute, normala da profesional euskaldunak faltatzea. Beraz, oztopoak hezkuntzan jartzen jarraitzen baldin badugu, ez gara sekula osasungintza benetan euskalduntzera iritsiko”.

Datuak behintzat hobera

Iaz, lehen aldiz, osasunbideko adar gehiago aztertu zituzten UEMAko kideek: erizainak, harrerako langileak eta larrialdietako medikuak. Horri gehitu behar zaizkio lehendik ere kontaketan sartzen zituzten familia-mediku eta pediatrak. EAEko UEMAko partaide diren udalerrien kasuan, aztertutako langile guztien %14 inguruk ez du hizkuntza eskakizunik betetzen, eta aldiz, Nafarroaren kasuan, %68ra igotzen da ehunekoa. Mankomunitatea osatzen duten 87 udalerrietatik ia guztiei eragiten die egoera horrek; zerbitzu orokorrean ez bada, larrialdietan.

Ia udalerri gehienetan datuek hobera egin edo bere horretan jarraitu duten arren, 2016an bezala, kezkagarriena pediatren kasuak izaten jarraitzen du: %30ak ez du euskara menperatzen. Beste hainbeste dira familia-medikuen zein erizainen kopurua, baina Eneritz Albizuren ustez are larriagoa da haurrak euskaraz artatu ezin izana. Aurrez aipaturiko Urola Kostako kasuaz gain, Nafarroako egoeraz hitz egin digu. “Goizueta, Leitza eta Aresok euskaraz ez dakien pediatra bakarra dute hirurentzat, eta Berako kasua are larriagoa da: bi mediku, pediatra bat eta harrerako beste pertsona bat dute, eta laurak erdaldunak dira”.

Alor batzuetan Osakidetzak kontu handiz jokatzen duela uste du Albizuk. Harrerakoen kasuan, adibidez, euskaraz jakitea lehenesten dutela dirudi: %8ak soilik ez daki euskaraz UEMAko udalerrietan. Aldiz, larrialdien kasuan nabari da ezetz: “Larrialdietako medikuen erdiak baino gehiago dira euskaraz ez dakitenak, eta halako egoera sentikorretan komunikazioa erraztu diezaioke pazienteari”.

“Ez dugu alde batera utzi behar datuek hoberantz egin dutela”, dio Albizuk. Aurrerapausoak eman direla dio, batik bat Osakidetzak martxan jarritako euskara planaren eta beste zenbait ekimenei esker. “UEMAk aitortzen du saiakera bat egiten ari direla, eta positiboki baloratzen da, baina iruditzen zaigu zerbitzua euskaraz ematea bermatzetik urrun dagoela oraindik”.

Profesionaltasuna eta euskara, bide beretik

Sarri esan izan da elebakar erdaldun profesionalei boikot moduko bat egitea dela UEMAk egiten duen salaketarekin bat egitea. Askotan eztabaidatzen da zer den garrantzitsuagoa, euskaraz jakitea ala mediku ona izatea. UEMAren ustez bide beretik doaz biak: euskaraz ez dakien medikuak ezin dio kalitatezko zerbitzua eman pazienteari, egiten duena egiten duela, gaixoa arrotz sentitzen bada berea sentitzen ez duen hizkuntzan mintzatzera behartuta. Pazientearen hizkuntzan komunikatuz gero, komunikazioa erraztu eta enpatia sentitzera heldu daiteke kontsultako harremana, hala uste du Albizuk: “Euskaraz jakitea mediku ona izatearen baitan dago; ez da gure gutizia, gure eskubidea da”.