argia.eus
INPRIMATU
Lizarrako plazara! proiektua
Etxerako erosketak berriz erdigunean egiteko merkatua
Garazi Zabaleta 2020ko irailaren 25

Iazko uztailean jarri zuten martxan Lizarran Plazara! egitasmoa, modu jasangarrian ekoitzitako bertako produktuen eta eskualdeko ekoizleen hileroko merkatua. “Hilabeteko bigarren larunbatean egiten da azoka, goizean. Zuzeneko salmentako merkatua da, produktuak ekoitzi eta eraldatzen dituzten ekoizleek hartzen dute parte bertan”, azaldu du azokaren asistentzia teknikoa egiten duen Arrea elkarteko Ester Montero kideak.

Bertakoa eta jasangarria

Tokiko produktuen merkatua bada ere, ez da horretara soilik mugatzen Plazara! proiektua: bertan eskaintzen diren produktuek gutxieneko irizpideak bete behar dituzte. “Lizarraldean egindakoak du lehentasuna, baita ekologikoak ere. Hau da, ekoizpen ekologikoan diharduten ekoizleek merkatuan parte hartzeko lehentasuna dute besteen aldean”, dio Monterok. Gaineratu du, egun merkatuan parte hartzen duten 33 ekoizleetatik erdiak baino gehiagok eskaintzen dituztela produktu ekologikoak.

Ekoizpen ekologikotik ez datozen produktuek bete beharreko zenbait irizpide dituzte ezarrita antolatzaileek, baremo baten moduan: ekoizpen familiar txikiek, abeltzaintza estentsiboan dihardutenek edota bertako arrazak darabiltzatenek lehentasuna dute, esaterako. “Garrantzitsua da guretzat bertako produktuen merkatua soilik ez izatea.  Horretatik harago, merkatu jasangarria izatea bilatzen dugu”.

Erosketa saskia betetzeko azoka

Duela urtebete proiektuari ekin ziotenean 22 ziren parte hartzen zuten ekoizleak. Urtebetean asko egin du gora ekoizleen kopuruak, eta merkatuak duen erantzun onarekin lotzen du bilakaera hori Monterok. “Plazara!-k ez du Erdi Aroko merkatuek biltzen duten jendetzarik, baina hori baino garrantzitsuagoa den zerbait du: jendea erosketa saskiarekin dator, benetan etxerako erosketak egitera”. Azoka larunbatetan jartzeko arrazoietako bat izan zen jende gazteagoari ere erosketak bertan egiteko aukera ematea, eta badirudi funtzionatzen ari dela.

Lekaleak, barazkiak, fruta, olioa, arrautzak, ardoa, garagardoa, ogia, gozokiak, boilurrak, gazta, fruitu lehorrak, hestebeteak, kontserbak… denetik eskura dezakete Lizarraldeko herritarrek Plazara! merkatuan. Saltoki erraldoiek periferietara mugitu bazituzten erosleak, horri buelta eman eta Lizarrako erdigunea berreskuratu nahi du proiektuak. “Tokiko ekonomia berpizteko aukera ematen du azoka honek: komertzio eta ekoizpen txikiak bultzatu eta lurraldeari lotutako jarduera indartu”.