argia.eus
INPRIMATU
Lurra lantzen eta sukaldean egiten ikasteko udalekuak
Garazi Zabaleta 2019ko uztailaren 15

Iaz antolatu zituen Ortutik Ahora elkarteak lehen aldiz sukaldaritza udalekuak Gernikako Allende Salazar eskolan. Erantzun ona izan zutela ikusita, aurten errepikatzea erabaki dute, baina berrikuntza bat gehitu diote katering agroekologikoko kideek: sukaldean ez ezik, ortuan ere ari dira aurtengo udalekuetako parte-hartzaileak. Azken batean, elkartearen izena bera haurrekin praktikan jartzea da ideia: ortutik ahorainoko bide hori haurrak beraiek hasi eta bukatzea, zikloa itxiz.

Eskolako jangelan hasitako harremana sakontzen

“Eskolako neska-mutilek ezagutzen gintuzten lehenagotik, guk ekoiztutako barazki ekologikoak eramaten baitizkiegu jangelako sukaldera”, azaldu du Irati Saez de la Fuente elkarteko kideak. Eskolako haurrekin jada bazuten harreman txiki hori gehiago landu eta jarraitasuna ematea izan da udalekuetako antolatzaileen helburu nagusia: “Gaiok haurrekin pedagogikoki lantzea da asmoa, haiek ere ikustea zer nolako garrantzia duen bertakoa eta ekologikoa kontsumitzeak”.

Iaz soilik sukaldean aritu baziren, aurten aukera ona sortu zitzaien Ortutik Ahorako kideei: Allende Salazar eskolako Guraso Elkarteak eskola ortua jarri zuen martxan, eta haiekin elkarlanean lortu dute sukaldaritza eta nekazaritza udalekuak osatzea. “Haiek sortutako ortu ekologikoa lantzen dugu, barazkiak eta haziak nondik datozen ezagutzen dugu, eta bertatik lortzen ditugun barazkiak hartu eta sukaldera goaz umeekin horiek prestatzera”.

Norberak egindakoa beti da gozoago…

Ekainaren bukaeran hasi ziren udalekuak, eta uztail osoan jarraituko dute, astebeteko iraupena duten blokeetan banatuta. “Bost bloke dira guztira, bakoitzean 20 ume inguru. Nahi duenak gai batean aste bat egiten du, errepikatu nahi duenak aste bat baino gehiago edo bost asteak osorik”, azaldu du de la Fuentek. Goizez soilik elkartzen dira haurrak, eta haiek baratzetik jaso eta sukaldean prestatutakoarekin egiten dute hamaiketakoa eta bazkaria.

“Talde mistoak dira, bost urtetik 12 urterako haurrez osatuak, eta aberasgarria da eurentzat hori: zaharrenek txikienei laguntzen diete, eta txikienek asko jasotzen dute handiagoengandik”. Adin ezberdinetako haurren arteko elkarlan hori oso polita dela dio kideak. Baratzea lantzeaz eta sukaldean egiteaz gain, astelehenero Gernikako azokara joaten dira, bertako ekoizleak eta produktuak ezagutzera. Haurren erantzuna oso ona dela azpimarratu du antolatzaileak: “Gaur, adibidez, pizza egin dugu, eta ortuko lehen tomatetxoak eta piperrak jarri dizkiogu. Haurrak poz-pozik zeuden!”.