argia.eus
INPRIMATU
IRITZIA
Euskal langileok, estatuko alferrenak
Sonia González @sonetska 2019ko uztailaren 10

Edo halaxe kontatu ziguten egunkari eta telebistek, behintzat: “Lan absentismoak estatuan gora egin du eta horretan Euskadi eta Nafarroan txapeldun”.

Ezer baino lehen, esan behar da albisteari bide eman zion txostena Adeccok gauzatu zuela. ABLEko (Aldi Baterako Laneko Enpresak) enpresa garrantzitsuenetako batek, alegia. Marko kontzeptuala argi izan dezagun.

“Absentismo” entzun eta “eskakeatzen diren langileak” etortzen zaizkigu burura edo, behintzat, irudi hori ematen ahalegitzen dira. Osterantzean, albistea oso bestelakoa izango zatekeen eta langileon gaixotze mailetan jarriko zukeen fokoa. Zeren eta absentismo berbaren atzean gaixotasun bajak baino ez baitaude. Gaixotasun bajak, amatasun lizentziak eta kontziliazio arazoak, Adeccoren neurketaren arabera. Justifikaziorik gabeko kasuek, eurek esaten dutenez, “ez daukate batere intzidentziarik”. Hau da, patronalarentzat arazo handia da langileok gaixotzen garenean, umeak ekartzen ditugunean edo senideren bat zaindu behar dugunean, dirua “galdu” arazten diegu eta. “Galera” horietarako enpresek ez ezik, langileok ere hilabetero kotizatzen dugula esatea ahazten dute baina.

Txosten hau kanpaina oso baten testuinguruan dator: lan osasuna sistema publikotik atera eta enpresa pribatuen, hau da, mutualitateen esku zeharo uzteko, baita kontingentzia arruntengatik baja hartu behar dugunean ere. Mutualitateen helburua ez da osasuna zaintzea, Osakidetza edo Osasunbidearena den bezala, enpresen irabaziak bermatzea baino. Eta, horretarako, lanera edozelan bidaliko gaituzte, baita burua galtzarbean ere. Ez fidatu horien guztien bata zuriekin, gehienen jokabidea hipokratikoa baino, hipokrita hutsa baita.

Era berean, albistea izan zitekeen EAEn eta Nafarroan langileok bajak edo lizentziak hartzeko beldur gutxiago daukagula. Eta hau ezin da ulertu Euskal Herriko mapa sindikalean eta langileen borroka kontzientzian erreparatu barik. Horregatik datua altuagoa da enpresa handi eta sindikalizatuetan. Hau ere txostenak dakar (sindikatuen aldagaia aipatu ez arren). Absentismoak ez du gora egin, krisi aurreko maila berreskuratu egin du; bestela esanda, enplegua galtzeko beldurra apaldu da. Horra hor beste lerroburu posible bat.

Enpresak errentagarriak izan behar dira. Bestela, testamentuko zazpi plagak jausiko zaizkigu gainera, lanbide arteko gutxieneko soldataren igoerarekin gertatu behar zen bezala. Baina zelan neurtzen da errentagarritasuna? Enpresen mozkinen arabera. Besterik ez. Hau da, ugazabek, administrazio kontseiluek eta akziodunek urte amaieran irabaziko dituzten sosen arabera. Irabazi horiek ekonomia erreala apenas mugitzen ez badute ere. Ekonomia erreala –eredu kapitalista kontsumistan– herritarron kontsumoaz mugitzen da hein handi batean. Hala ere, errentagarritasun ekonomikoaren kontzeptuan ez da sekula sartzen herritarron soldata. Eta hori kontuan hartzen ez bada, errentagarritasun soziala askoz gutxiago, ez baitirudi batere errentagarria lanak gaixotzea eta hiltzea edo, gaixorik gaudela, lanera joatera behartuta egotea.

Azken apuntetxo bat: alferrak omen gara, baina Hego Euskal Herriko produktibitate maila, Eurostaten datuetan oinarriturik, Europako altuenetakoa da, Espainiakoa, Frantziakoa edo Alemaniakoaren gainetik. Euskal Herri osoa kontuan hartuta Gaindegiak ematen dituen datuen arabera ere Europako batezbestekoaren oso gainetik gaude. Baina honetaz Adeccok ez du txostenik egingo, ezta patronalak albisterik emango ere.