Versailles (Frantzia), 1789ko uztailaren 14a. Luis XVI.a (1754-1793) Frantziako eta Nafarroako erregeak hitz bakarra idatzi zuen bere egunkarian: Rien (ezer ere ez).
Jauregitik hamazazpi kilometrora, herritarrek Bastilla espetxea hartu zuten egun hartan eta, hala, Frantziako Iraultza piztu zen. Urte batzuk geroago, astearte hartan abiatutako prozesuaren ondorioz, gillotinak burua gorputzetik bereiziko zion erregeari.
Baina Iraultza piztu zen egunean Luis XVI.aren burua herritarren arazoetatik oso urrun zegoen. Herritarren goseak eta atsekabeek ez zuten lekurik haren egunkarian, bere kezka nagusia ehiza baitzen. Uztailaren 14a ehizan eman ondoren, ehizaki bat bera ere bota ez zuelako idatzi zuen Rien triste hura.
Ez zen bera izan egun historikoetan errealitatetik urrun bizi zen monarka bakarra. 1917ko otsailaren 23an –martxoaren 8a, gregoriar egutegiaren arabera– Errusiako Iraultzaren lehen fasea, Otsaileko Iraultza, abiatu zen Petrogrado hiriburuan. Gizonezko gehienak frontera bidaliak zituzten, emakumeek soldata eskasen truke lanaldi luzeak egin behar zituzten fabriketan eta erosteko ahalmenak behera egin ahala, hornikuntza arazoek eta goseak gora egin zuten. Biharamunean errebolta zapaltzeko ahalegin bortitzek ez zuten helburua lortu. Egun batzuk geroago protestak herrialde osoan zabalduta zeuden eta armadako kide asko ere gobernuaren aurka altxa ziren. Otsailaren 26an ez zirudien Nikolas II.a tsarra (1868-1918) oso kezkatuta zegoenik; bere egunkarian idatzi zuen goizean mezetara joan zela, jende askorekin gosaldu zuela, tsarinari ohiko gutuna idatzi ziola, tea hartu zuela eta arratsaldean dominoan jokatzen aritu zela. Handik lau egunera abdikatzera behartu zuten eta 1918ko uztailean hil zuten familiarekin batera.
Lehen Mundu Gerraren hasiera ere ez zuten denek berdin hartu. 1914ko ekainaren 18an Franz Ferdinand artxidukea hil zuten Sarajevon. Frantziako presidente Raymond Poincaré hipodromoan zegoen berria telegrama bidez iritsi zitzaionean. Ez zuen krisi batzorderik bildu edo urgentziazko neurririk hartu ondorioak aurreikusteko edo erantzuna prestatzeko; zaldi-lasterketei adi jarraitu zuen.
Arduradun politiko horiek ez entzunarena egiten zuten bitartean, zenbait herritarrek albisteak jaso bai, baina ez zeukaten gertakizunen inguruko erabakiak hartzeko ahalmenik. Eguneroko jardunekin jarraitzea besterik ez zuten. Hauxe idatzi zuen bere egunkarian Franz Kafka (1883-1924) idazleak 1914ko abuztuaren 2an, Gerra Handia ofizialki hasi eta ordu gutxira: “Alemaniak gerra deklaratu dio Errusiari. Arratsaldean, igeri egitera joan naiz”.