argia.eus
INPRIMATU
Azkenean ikurrina txupinazoan
  • Enrique Maya Iruñeko alkateak egin ahalak egin zituen ikurrina eta bestelako aldarrikapenak sanferminetako txupinazoan egon ez zitezen, baina ez zuen lortu, horretarako bitarteko ugari jarri bazituen ere.

Xabier Letona Biteri @xletona 2019ko uztailaren 11

"Arrantzale bizardunen" gisako ekintzarik gerta ez zedin teilatuetan foru poliziak jarri zituzten, kaleetan era guztietako poliziak ziren uniformez zein zuri-gorriz jantzita, eta Udal plazara ikurrina edo bestelako banderarik sartzeko ahaleginei errepresioz erantzun zieten. Azkenean, eguerdiarekin bat eta oztopoak oztopo, plaza argazkian ikusten den gisan agertu zen, aldarrikapenari eta adierazpen askatasunari bide emanez.

Udal barruan ere egon zen istilurik eta EH Bilduko hainbat zinegotzi balkoi batean ikurrina ateratzen saiatu zirenean, bultzaka atera zituzten bertatik, Mayaren aginduak zorrotz betez. Tentsio handiko uneak bizi izan ziren eta Joseba Asiron alkate ohia Mayarengana hurbildu zen bere jokaeraz kargu hartzeko.

Aldaketaren indarrak udal gobernuan izan diren lau urteetan ez da istilurik izan txupinazoan eta ez zaie jazarpenik egin aldarrikapen anitzei. Tradizio bat bailitzan, Navarra Sumak egun gutxi batzuetan lortu du txupinazoko ohiko jazarpen giroa berreskuratzea.

Akordioa Nafarroako Gobernua osatze aldera

Uztailaren 5ean Nafarroako Gobernua osatzeko pauso garrantzitsua eman zen eta PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak gobernu programa adostu zuten. Uztailaren 14tik aurrera alderdietako zuzendaritzek berretsi beharko dute akordioa.

Lau alderdien arteko akordioa, aldiz, ez da nahikoa PSNko buru Maria Chivite lehendakari izendatzeko, EH Bilduren hiru parlamentariren –zazpi ditu– abstentzioa behar baitu 26 eserlekura iristeko. EH Bilduk gogorarazi du bere botoak ezinbestekoak direla eta PSNk erantzun du ez duela EH Bildurekin hitz egingo boto horiek eskuratzeko.