Tanzaniaraino heldu da plastiko uholdea: nola berrerabili edo birziklatu diru oso gutxirekin?

  • Mundu guztia ari da borrokan plastikoekin, erabilera labur baten ostean non utzi asmatzen ez dugun material merke horiekin. Batean erraustegi garestiak eraikitzea eragin dute, bestean eremu osoak –ozeanoak barne– zabortegi bihurtzea, sarri populazio osoak kondenatu birziklatze deitzen dituzten lan arriskutsuetan aritzera... Plastikoak globalak baldin badira, horietako batzuk berrerabili edo birziklatzeko ahaleginak ere globalak dira.

Zabor bilketa Njomben. Tanzanian ere sentitu da plastikoen krisi globala, Txinak horiei atea itxi dienetik.
Zabor bilketa Njomben. Tanzanian ere sentitu da plastikoen krisi globala, Txinak horiei atea itxi dienetik.

Leire Diez Larreak idatzi digu ARGIAra crowdfunding kanpaina baten berri emanez: “Njombe Beyond: plastiko birziklapena eskala txikian Tanzanian. Shipo Smart Centrek Njombeko (Tanzania) ekintzaileak trebatzen ditu plastikoari bigarren bizitza emateko teknologia sinple eta eskuragarriaren bidez. (…) Njomben Euskal Herrian baino plastiko gutxiago erabiltzen den arren, haren inguruko kontzientzia murritza da: ohikoa da plastikozko botilak ingurumenera botatzea edo plastikoa etxe ondoan erraustean kea lasai asko arnastea. Gainera, adibide horiek saihesteko baliabideak oso murritzak dira edo ez dira existitzen”.

Diez Larrea bilbotarrak ezagutarazi nahi digun proiektuak helburu dauka “erraustuta, zabortegian ala ingurumenean bukatzen duten hondakin plastikoak murriztea. Nola? Njombeko ekintzaileak trebatu eta lagunduz eskala txikiko plastiko birziklapenean ekin dezaten SMART (Sinpleak, Merkatuan oinarrituak, Eskura errazak eta Konpongarriak) teknologiak erabiliz. Jadanik bertako ekintzaileak prest daude, Njombeko Udalaren babesa dugu eta makinak muntatzeko ekoizleak ezagutzen ditugu. Makinak muntatzeko finantzazioa lortu bezain laster, lanean hasiko gara”.

Goteo plataforma katalandarrean antolatu dute 6.160 euro biltzeko kanpaina. Bertan proiektuaren azalpenak irakur daitezke ingelesez, espainolez, italianoz eta euskaraz: “Njombeko (Tanzania) ekintzaileak trebatzen, plastikoa birziklatzeko makina sinpleak erabiliz, bertoko beharrak asetzeko”. Lerrook idazteko orduan diruaren bi herenak lortuta zeuzkaten.

 

Creemos en el poder y la capacidad de las comunidades para transformar su propia realidad. Organizamos una reunión en...

Posted by Njombe Beyond on Friday, June 7, 2019

Proiektuak hartzen duen eremuan, Njombe eskualdeko hiriburuan, egunero bere 40.000 biztanleek 35 tonatik gora hondakin sortzen dituzte. Horietatik 28 tona udal zerbitzuek bildu eta kontrolik gabeko zabortegian pilatzen dituzte eta maiz su ematen diete, zaborrak erraustuz biltegian gehiagorentzako lekua egiteko. Zerbitzuek bildu gabeko beste zabor asko erretzen dituzte familiek nork etxe inguruetan prestatutako zuloetan edo edozein bazterretan sakabanatuta uzten.

Ipar aberatseko kontsumismo mailatik urrun daudenez, hemen hondakinen 10% inguru osatzen dute plastikoek: 3.500 kg egunero, 1.000 tona urtean. 2017a arte, plastikozko botiletako asko batu egiten zituzten bertako zenbait enpresak, gero horiek birziklatzera Txinara bidaltzeko. Alabaina, 2018an Pekingo gobernuak erabaki zuen plastikoen inportazio masiboari oztopoak jartzea eta debekuaren atzerakako uhina Tanzaniaraino heldu zen.

Txinaren erabakiak mundu osoko zaborren trafikoa butxatuz bi uholde handi eragin ditu. Bata, zabor-errekaren beheko aldeari dagokiona, asko aipatu dena: nola zabor trafikanteak hasi diren Txinak nahi ez zituen zaramak Asia hego-ekialdeko beste herrialdeetara eramaten, Filipinetara, Vietnamera, Malaysiara… eta baita Afrikara ere, birziklatze aitzakiatan horientzako zabortegi merke bila.

Butxadurak beste aldetik, zabor-trafikoaren iturri aldetik ere sortu du uholdea, nagusiki herrialde aberatsenetan –AEB, Kanada, Europar Batasuna, Australia…– baina baita hondakinentzako kasik azpiegiturarik ez dauzkaten herrialde txiro askotan ere, plastiko eta material berrien inbasioa gertakizun globala baita gaur.

Teknologia merkez

Tanzaniari horixe gertatu zaio: 2000. urtetik hona plastiko eta gomen inportazioa %400 igo da Afrikako herrialde honetan eta horien hondakinen arazoa izugarri areagotu. Njombe Beyondek diru bilketaren argudioetan dioenez, “Tanzaniako (Njombe barne) eta oro har, Saharaz hegoaldeko Afrikako joera ez da batere itxaropentsua: biztanleria hazkuntza azkarra, kontsumoaren igoera eta beraz, hondakinen sorkuntzarena, eta azken hauen bilketa eta kudeaketa gabezia, jarduteko momentua orain dela adierazten dute, plastikoaren arazoa handiagoa bilakatu baino lehen”.

Njombe Beyond (Njombetik harago) proiektuarekin eskala txikiko tailerrak antolatu nahi dituzte plastikoa birziklatzeko. Eredua Precious Plastic proiektuan aurkitu dute. Gaur 30 urte dauzkan Dave Hakkens ingeniari gazteak Holandan hasi zuen Precious Plastic 2013an eta plastiko kutsaduraren aurkako ezagutza, tresna eta teknika berriak sortu eta dohainik sareratzen dituzte, libreki partekatzeko asmoz.  Horrela ugaritu dira munduko hainbat bazterretan plastikoari bigarren bizitza ematen dioten artisau tipoko egitura txiki eta merkeak.

Precious Plasticek eskaintzen dituen material, dokumentazio, planoak eta abarrekin birziklatzeari ekin nahi dion hasi berriak jakin dezake nola antolatu merke –kontainer huts baten barruan, esaterako– lantoki txiki bat, plastikoak birrindu, urtu eta manipulatzeko tresnak (birrintzaileak, injektoreak, estrusiokoak, konpresoreak...) nola eraiki, horiekin egindako produktuak nola bihurtu salgarri, eta abar. Hakkensek bizimodua ateratzen du Patreon plataforma bidez hilero diruz laguntzen dutenen donazioetatik.

Njombe Beyond proiektuak gaur enplegatuta dauzka hiru ingurumen ingeniari eta komunitate garapenerako aditu bat, Tanzaniako SHIPO Gobernuz Kanpoko Elkartearen barruan ari direnak. SHIPOk bere aurkezpenean dioenez, hamabi urte daramatza ur hornidura, estolderia, erregadio, nekazaritza eta mikrofinantza zerbitzuak eskaintzen bai lekuko komunitateei eta bai enpresa pribatuei ere. Mikrofinantza programak Sacco’s Bank kutxaren bidez burutzen ditu eta bere maileguak nagusiki herritarrek ur hornidura koste apaleko teknologia bidez eskuratzeko erabiltzen dituzte.

Ipar aberatsean low cost tecnology inork aipatzekotan ingurumenaren eta iraunkortasunaren aldeko hautua egin duten gutxiengo urri batek aipatzen badu, Hego txirotuan koste apaleko teknologiok dira eguneroko beharrak asetzeko bide eraginkorrena eta sarritan bakarra. Erraz eraiki, mantendu eta konpondu daitezkeen egitura eta makinak, eskuz erabiltzeko modukoak, urrutitik, garesti eta nekez ekarri beharreko piezarik gabekoak... horietan daude berezituak Malawi, Uganda, Kenya, Burkina Faso eta Mozambiquen ere zabalduta dauden SMART Centreak, Tanzanian SHIPOk bere gain hartu dituenak.

Eguneroko bizitzaren atal ezinbestekoa bihurtu diren plastikoei bigarren aukera bat eman nahi diete Njomben ere eta horiekin bizimodu bat bermatu negozio txiki eta langile berri batzuei. Ezagutu beharko lituzkete Euskal Herrian polimero kutsagarri berriak sortzen jarraitzen duten kimikari arduragabeek.

 
Njombe Beyond en TVE

Njombe Beyond en el telediario de ayer! Que corra la voz! 📣 . Y gracias a todxs lxs que habéis hecho posible llegar al mínimo para empezar el proyecto! ASANTE SANA! Seguimos trabajando para llegar al óptimo y vamos dando los siguientes pasos para hacer realidad el taller. 💪🏽🎉👩🏾‍🔧🔧♻👏🏿 . 👉🏾Más info aquí: https://www.goteo.org/project/njombe-beyond . . Yesterday Njombe Beyond was on TV news! Let´s spread the word! 📣 . And thank you to all the people who have made it possible to reach the minimum amount of funding to start the project! ASANTE SANA! We will keep on working to reach the optimum and we are taking the next steps to make the workshop a reality. 💪🏽🎉👩🏾‍🔧🔧♻👏🏿 . 👉🏾More info: https://en.goteo.org/project/njombe-beyond

Posted by Njombe Beyond on Thursday, June 20, 2019

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tanzania
Tanzania eta Ugandaren xehatzea badakar ere, iraganeko logikan segitzen du Total konpainiak

Total Energies multinazional frantsesak eta CNOOC China National Offshore Oil Corporation txinatarrak "karbono bonba" ikaragarria dute xede Afrikako Tanzania eta Uganda herrietan: bertako petrolioa ateratzeko 400 putzu eta horiek esportatzeko 1.443 kilometroko oliobide... [+]


Mpemba efektua
Izozki bat Termodinamikaren aurka

Nori ez zaizkio izozkiak gustatzen? Euskal Herriko ume gehienei, behintzat, bai. Tanzanian ere horrela da, are gehiago, bertan egon ohi diren tenperaturak kontuan hartuta. Horiek horrela, 1963an Tanzaniako ume batek izozkia prestatzerakoan behatutakoak zeresana sortzen du... [+]


‘Ujamaa’, Tanzaniako baserri txikietako sozialismo kasik ahaztua

Tanzaniako askapenaren aita eta Afrika deskolonizatuaren aitzindari Julius Nyererek aldarrikatu zuen afrikar sustraiko sozialismoa, herri txiki autogestionatuz osatua, gizon eta emakumeen arteko berdintasunezkoa... Eredua 1960ko hamarkadan Ruvuma eskualdean loratu ostean,... [+]


Emakumeen bankuak, bazterketaren aurka autogestioa

Pobreziari eta honek eragiten dien bazterkeriari aurre egiteko, Ghana iparraldean emakumeek beren banku-kooperatiba sortu dute. IPS gunean Albert Oppong-Ansah-k idatzi duenez, auzolan ekonomiko honi esker, bestela inolako ziurtasun ekonomikorik ez zuten familiek elkar... [+]


Eguneraketa berriak daude