argia.eus
INPRIMATU
Pedalak landa eremuko proiektu agroekologikoen bozgorailu
Garazi Zabaleta 2019ko ekainaren 28a

Ekainean sartzearekin batera ekin zioten Ana Santidrián eta Edurne Caballerok Zaragozatik abiatu eta Iberiar penintsulako iparraldea zeharkatuko duen bidaiari. Ez da bidaia soila neskek eginen dutena: bizikletaz eginen dituzten 2.500 kilometroetan landa eremuko bizitza bultzatzeko sortu diren proiektu komunitario eta agroekologikoak bisitatuko dituzte, ondoren ikusten duten hori guztia bildu eta zabaltzeko asmoz. “Landa eremuko proiektu alternatiboak ezagutu nahi ditugu zubi lana eginez proiektu horiek jendarteari ezagutarazteko”, dio Caballerok.

Hiriguneen eta landa eremuaren arteko zubiak sortzen

Zaragozako supermerkatu kooperatibo sortu berritik abiatu ziren bi ziklistak ekainaren lehenean, eta orain arteko bidean Zaragoza, Nafarroa, Errioxa eta Burgosko hamaika proiektu ezagutu dituzte: eztia eta propoleoa edota barazki saskiak egiten dituztenak, okindegiak, jatetxe eta denda ekologikoak, baratze komunitarioak… elikadurarekin lotutako proiektuak ez ezik, bestelako bizi eredu baten alde egiten dutenak dituzte ipar.

Proiektuak baino proiektu horien atzean dauden pertsonen historiak kontatzen saiatzen ari dira. “Gu proiektu ezberdinen bila goaz, baina gero benetan topatzen duguna lurra eta pertsonak dira: askotan hitz egiten digute haiek zergatik eta nola iritsi diren horretara, zerk bultzatu dituen, bidean izan dituzten arazo eta zailtasunak…”. Ekimen bakoitzaren atzean pertsonen historiak daude eta horiek elkarbanatzea interesgarria dela uste dute, beste jende batentzat inspirazio edo eredu izateko.

Tutera aldetik pasatuta, abuztuan itzuliko dira gurera

Nafarroako erriberako zati bat pasatu dute jadanik Biela y Tierra proiektuko kideek: Tuteran egon ziren Mejanako baratze sozialak eta Helianto kolektiboaren Jasangarritasunaren Eskola ezagutzen, Arguedasko Alcaravan enpresa bisitatu zuten, eta handik Lodosa eta Sartagudara mugitu ziren udalek bultzatutako baratze komunitarioa ezagutu eta INTIAren agroekologia finka esperimentala bisitatzen. Proiektu horiek guztiak ongi azalduta dituzte bielaytierra.com webguneko Landa koadernoa atalean.

Orain Palentzia, Leon eta Asturiastik jarraituko dute bidea, baina abuztuan berriro ere Euskal Herrira itzuliko direla esan digute: abuztuaren 8an sartuko dira Karrantzatik eta gure lurretan ditugun hamaika proiektu bisitatuko dituzte: Muturbeltz Elkartea, Maskilu Kontserbak, Pikunieta Baserria, Azpeitiako Elikagunea… Adi egon beharko dugu, beraz!