argia.eus
INPRIMATU
Groteskoa, hau da, kobazuloetakoa
  • XV. mendearen amaieran, Erromako erdialdean, mutiko bat lurreko arrakala batetik erori, eta modu oparoan apaindutako kobazuloetara iritsi zen.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2019ko ekainaren 26a
(Argazkia: Quarta)
(Argazkia: Quarta)

Horma apainduek erakarrita, Michelangelo, Rafael eta garaiko beste artista batzuk jaitsi ziren leizeetara eta estilo hura imitatzen hasi ziren. Grotesko esan zioten estiloari; grotta kobazuloa da italieraz, eta, beraz, grottesco kobazuloeekin zerikusia duena da.

Baina mutikoak aurkitu zuena ez zen leize bat, Neron enperadoreak eraikiarazitako Domus Aurea jauregia baizik, haren ondorengoek lurperatu zutena. Izena okerra izateaz gain, esanahiarekin ere ez zuten asmatu, nonbait; zentzu positiboa zeukan adjektiboa erridikuluaren, zentzugabearen sinonimo da egun.