argia.eus
INPRIMATU
Kontsumoaren egitura fraktala
Itziar Bardaji Goikoetxea 2019ko ekainaren 18a

Bizitzak itxura fraktala izaten  du maiz: egitura baten barruan egitura berdina errepikatzen da eskala txikiagoan.

Lan –kontsumo eta lan– zaintza “kontsumo gutxiago” zikloak astero betetzen dira. Lan hori soldataren truke soilik egiten dela azaltzen duten arrazoiek eta zaintzaren zati inposatuak gure gorputz eta bizipozean eragiten duten higadura jasateko ihespuntu ezinbestekoa da kontsumoa. Gailu elektronikoak edo mendiko arropa fancy-a erosi, afari erromantikoa jatetxean edota parranda. Antidepresibo, kreditu txartel, alkohol eta kokainari engantxatutako gizarte eroa. Aldi berean, esklabotasun modernoen presio balbula horiek zikloaren eragile dira, kontsumo hori mantentzeko beharrak eramaten baigaitu astelehenean iratzargailuari obeditzera.

Urrunagotik begiratuz gero, egitura berdina ezarri diogu urteari. Hipoteka eta gaupasarekin batera, turismoa da 40 orduz loteria irabaziz gero egingo ez genituzkeen jarduerak egitera eramaten gaituen tranpa. Tranpa diot, gutxienez urtean hirutan euskal herritik irtetearen behar hori ez delako ere oso hautu librea.

Hau noski, klase ez hain baxuko natibo zurien erretratua.